Iturrietako Mendietara martxa egin dute, proiektu eolikoen aurka

Erredakzioa 2021ko uzt. 5a, 08:00

Arabako Mendiak Askek proiektu eolikoen eraginpeko mendietara antolatutako sei martxetako lehena egin dute dozenaka lagunek larunbat honetan, Iturrietako Mendietako San Juan mendateraino.

Uztailaren 3an hasi eta urrira bitartean, Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatu ditu proiektu eolikoek eragindako eremuetara, Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan. Indarrak batu nahi dituzte urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestazio handira begira. Izan ere, bi horiek dira, alegazioen kanpainarekin batera, Arabako mendietan martxan dauden proiektu eolikoen aurkako plataformak datozen hilabeteetarako planteatu dituen ekimen nagusiak.

Lehen martxa Iturrietako Mendietara egin dute asteburu honetan. 9:30ean hasita, bi abiapuntu eta bi ibilbide izan zituen martxak: batzuk Lautadako Egileor herritik irten ziren, eta 8 kilometroko ibilbidea egin zuten (500 metroko desnibelarekin); beste batzuk, ordea, Mendialdeko Haraneko Santa Teodosia ermitatik abiatu ziren, 12 kilometroko ibilbidea egiteko (200 metroko desnibelarekin). Bi ibilbideek San Juan mendatearen erdialdean egin zuten bat (1.025 metroko altueran), 11:30ak aldera. 12:00etan, ekitaldi batekin eman zioten amaiera lehen martxari.

Hain zuzen ere, bertan kokatzekoa da Iturrietako Mendietako zentral eolikoa, 1.000 metroko altueran dagoen lautada batean. Proiektu hori Natura 2000 Sareko gune baten barruan instalatu nahi du Aixeindarrek, Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan. "Zelai honek landare espezie endemikoak eta arriskuan dauden beste espezie batzuk kontserbatzen ditu", ohartarazi du Mendiak Askek. Aldundiaren ingurumen azterlanek ere ohartarazi dute zentral eoliko hori eraikitzeak kostu "atzeraezina" dakarrela biodibertsitateari dagokionez.

Sei martxa eta manifestazio bat

Oraingoz, sei proiektu eoliko daude martxan —fase batean edo bestean— Arabako mendietan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren zein hainbat enpresa pribaturen eskutik. Kokaleku horietako bakoitzera ibilaldi bat antolatu dute. Zertarako? "Sakrifikatu nahi den ondarearen balio naturala, paisajistikoa eta kulturala nabarmendu eta bertatik bertara ezagutarazteko", azaldu du plataformak.

Ibilbide guztiak larunbat goizean egingo dira, udan eta udazkenean zehar. Martxa bakoitzarekin batera, ibilaldian zehar, ezusteko hainbat jarduera kultural eta ludiko egingo dira, aldarrikapena eta jai giroa uztartzeko asmoz. Martxa batetik bestera, gainera, makila bat eramango dute; Korrikaren lekukoaren antzera, plataformak babestu nahi dituen sei kokalekuak lotuko ditu.

Iturrietako Mendietara egindako lehenbiziko martxaren ostean, honako hauek dira ibilbide bakoitzaren deialdirako aukeratu dituzten datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:

  • Uztailak 24: Arkamu
  • Abuztuak 14: Labraza
  • Irailak 11: Azazeta
  • Irailak 25: Cantoblanco
  • Urriak 16: Arlaban

Sei martxa horien ostean, herrialde osoko indarrak batu nahi dituzte, eta, horretarako, manifestazio bat deitu dute hiriburuan, Gasteizen, urriaren 23rako. Makila bertan izango da ere.

Ekimenaren kartela, Ania Saenz de Buruaga artistarekin elkarlanean sortutakoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago