Arabako ingurune naturala eta landa eremua babesteko deia egin dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 08:43
Araba Bizirik manifestuaren aurkezpena. ARABA BIZIRIK

Araba Bizirik manifestua aurkeztu dute, industria energetikoaren eta multinazionalen aldetik herrialdean jasotzen ari den "erasoa" salatzeko.

AHTrik ez Mugimenduak, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak, Arabako Mendiak Aske taldeak eta Arratzua-Ubarrundiako Proiektu Honi Ez taldeak indarrak batu dituzte Araban azken hilabeteetan ugaritzen ari diren industriaren proiektuak salatzeko, eta horien aurrean herrialdearen ingurune naturala eta landa eremuaren bizimodua defendatzeko. Manifestua aurkeztu dute, eta urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute, Araba bizirik lurra defendatuko dugu lemapean.

Araba Bizirik manifestuan zerrendatu dituzte herrialdea jasotzen ari diren "erasoak": Zentral eolikoak lurraldeko mendikateetan; eremu oso handiak erabiliko dituzten megaparke fotovoltaikoak; egungo trenbidearen paraleloan doan trenbide plataforma berri bat eraikitzea, abiadura handiko trenak soilik erabiltzeko; eta nekazaritza ekoizpena industrializatzeko eta areagotzeko proiektuak.

Proiektu horiek arriskuan jarriko lituzkete, talde hauen ustetan, Arabako izaeraren parte diren balio naturalak eta herrialdearen lurralde antolamendua; tartean daude mendien jabetza publikoa, Arabako herrien eta kontzejuen lurralde-subiranotasuna eta tokiko nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriak.

Diru publikoa

Industriaren egitasmo horien atzean multinazional handien interes ekonomikoa dagoela uste dute manifestuaren sustatzaileek, "ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortu nahi dute ahalik eta denbora laburrenean"; eta hain zuzen erakunde publikoek horretan duten papera nabarmendu dute, izan ere diru publiko kopuru handiak eta NextGeneration EU programaren barruan dauden Europako laguntzak eskuratu ahal izateko proiektuak dira.

"Proiektu hauek Araban gordetzen dugun altxor itzela erahiltzea ekarriko dute. Horregatik, beharrezkoa da gure natura guneak eta landa eremuko bizimodua zaintzea, gure kultur nortasunaren ondare ukiezin eta bizitzaren sostengu baitira", esan dute. Ondare hori defendatzeko beharra dagoela gaineratu dute, "gure gizarte osasunerako ezinbestekoa dena, eta funtsezko ondasun komuna etorkizuneko belaunaldientzat".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide