Koronabirusa

Alaves eta Baskoniako zaleak harmailetara itzuliko dira datorren denboraldian

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 14:30

Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza ikusle kopuruari dagokionez. / Arg.: IRAULTZA 1921

Espainiako Gobernuak baimenduko du publikoa futbol zelaietara zein saskibaloi kantxetara itzultzea 2021/2022 denboraldian. Hala ere, gobernu autonomikoek ikusle kopurua mugatu ahal izango dute.

Ostegun honetan, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak ekainaren 26tik aurrera maskararen erabilera arautzeko dekretua onartu du. Arau berriak, besteak beste, Normaltasun Berriaren Legearen 15.2 artikulua kendu du, eta, ondorioz, futbol Liga zein ACB liga hasten direnean pandemiaren aurreko egoeran itzuli ahal izango dira, "ikusleen kopuruari dagokionez". Hortaz, Alaves eta Baskoniako zaleak Mendizorrotza eta Buesa Arenara itzuliko dira datorren denboraldian.

Hala ere, Carolina Darias Osasun ministroak iragarri duenez, autonomia erkidego bakoitzeko gobernuari dagokio ikusle kopurua mugatzea, aukera hori baliatu nahi izatekotan. Mendizorrotza eta Buesa Arenaren kasuan, beraz, Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza; segurua dena da publikoa harmailetara itzuli ahal izango dela, edukiera handiago edo txikiago batekin.

Edukiera

LABIren azken bileraren ostean Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien arabera, publikoa baimenduta dago dagoeneko kirol ekitaldietan. Nolanahi ere, honako hauek dira kirol ekitaldi zein ekitaldi sozial eta kulturaletan ezarritako irizpideak:

  • Betiere %60ko edukiera; edozein espaziotan, gehienez 800 pertsonako edukiera barnealdean edo 1.200 pertsonako edukiera kanpoaldean.
  • 1.600 pertsonatik beherako edukiera duten espazioetan, 600 pertsona barrualdean eta 800 aire zabalean.
  • 1.600 eta 5.000 pertsona bitarteko edukiera duten espazioetan, 800 pertsona barrualdean eta 1.200 aire zabalean.
  • 5.000 baino gehiagoko edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago