Asteazken arratsaldean, Espainiako Gobernuko Osasun Sailak ekainaren 26tik aurrera maskararen erabilera arautzeko irizpide berriak helarazi dizkie autonomia erkidegoei. Arau berria bihar, ostegunean, onartuko dute Ministroen Kontseiluan, eta larunbatetik aurrera egongo da indarrean. Dekretu bidez ezarriko da, eta "normaltasun berria" arautzeko 2/2021 Legea aldatuko du.
Maskara janzteak derrigorrezkoa izateari utziko dio aire zabaleko espazioetan, baina salbuespen batzuk izango dira. Zehazki, non eta nola erabili beharko da maskara ekainaren 26tik aurrera? Honako kasu hauetan derrigorrezkoa izango da oraindik:
- Maskara bat gainean eraman beharko da uneoro.
- Metro bat eta erdiko distantzia gordetzea ezinezkoa denean (bizikideak ez diren pertsonekin), derrigorrezkoa izango da musukoa janztea.
- Espazio publiko itxietan maskara erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraituko du, oro har.
- Garraio publikoan maskara erabili beharko da: autobusean, metroan, aire zein tren garraioan, teleferikoetan edo itsasontzietan. Salbuespena izango dira ganbara pribatuak edo pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia bermatzen duten aire zabaleko espazioak.
- Aire zabaleko ekitaldi jendetsuetan (kontzertuak, manifestazioak edo kirol ekitaldiak), pertsonen artean metro eta erdiko distantzia bermatzea ezinezkoa denean, bertaratutakoak zutik daudelako edo eserlekurik esleituta ez dutelako.
Non ez da derrigorrezkoa izango?
Araudi berriak zenbait salbuespen ezarriko ditu, eta espazio itxi batzuetan ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea:
- Zentro soziosanitarioak, erabiltzaileen %80k baino gehiagok txertaketa osoa jaso duen kasuetan.
- Espetxeetan. Barne Ministerioak zehaztuko ditu berariazko arauak.
- Funtsezko langileen lantokietan: osasun langileak, poliziak, suhiltzaileak, militarrak, irakasleak, baldin eta kolektibo horretan %80k baino gehiagok txertaketa osoa jaso badu.