Azken hilabeteetako ikusminaren ostean, iritsi da Euneiz unibertsitate pribatuaren inguruko proiektuaren aurkezpena. Innovaraba errealitate bat da dagoeneko, eta asmo handiko unibertsitate proiektu bat baino askoz gehiago izango da, Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak ezagutzera eman dituen xehetasunen arabera. Euskal erakundeek aho batez babestutako proiektuak osasunaren, kirolaren, prestakuntzaren, ekintzailetzaren eta teknologia berrien arloan nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua izango du.
Salburuko 15. sektorearen inguruan kokatutako Innovaraba proiektuak zortzi ardatz izango ditu: Euneiz Unibertsitateaz gain, enpresa sortu berrientzako Hegan startup azeleragailua, nazioarteko futbol akademia, nazioarteko ikastetxea, gazte kirolarientzako garapen eta teknifikazio zentroa, ikasle eta kirolarientzako egoitza (300-350 gazterentzako lekuarekin), eta, azkenik, ikerketa eta kirol medikuntza zentro bat. Azpiegitura horiei Bakh kirol eta aisialdi zentroa handitzeko proiektua gehitu behar zaio.
Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, "eragin positiboa izango du euskal ekonomian, eragin sozioekonomiko nabarmena izango du lurraldean eta zuzeneko zein zeharkako 750 lanpostu inguru sortuko ditu".
Gutxienez 64 milioi euroko inbertsio pribatua aurreikusi dute, eta, horrez gain, tokiko erakundeen lankidetza publikoa ere izango du. Hala ere, Baskonia-Alaves taldearen arabera, finantzaketa publikoa "soilik eta esklusiboki" Hegan ekintzailetza zentroa sortzeko eta enpresa garapenari laguntzeko izango da.
Euneiz unibertsitatea
Innovaraba proiektuaren zutabe nagusia Euneiz (European University of Vitoria-Gasteiz) izango da, %100ean kapital pribatuarekin finantzatutako unibertsitatea. Aurreikuspenen arabera, 2022-23 ikasturtean hasiko da eta lau urteko bost unibertsitate gradu eskainiko ditu:
- Eduki digital interaktiboak.
- Bideojokoetarako eta joko aplikatuetarako arte sorkuntza.
- Musika ekoizpena.
- Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak.
- Fisioterapia.
Halaber, hiru master ofizial eskainiko ditu, baita graduondoko ikastaroak, jardunaldiak eta jarduera osagarriak ere.
Hegan ekintzailetza zentroa
Unibertsitatearekin batera, Hegan izeneko enpresen azeleragailua ere sortuko dute, Gasteiz eta Araba ekintzailetzarako erreferentzia bihurtzeko asmoz. Arabako instituzioen ustez, "industria-sarea eraldatzeko tresna" izango da, "lurraldeak lehiakorra izaten jarrai dezan". Izan ere, inbertsio publiko osoa proiektu honetara bideratuko dute.
Hegan "irabazi asmorik gabeko proiektu" gisa aurkeztu du bere burua, eta Baskonia-Alaves taldeaz gain, erakundeek eta lurraldeko beste eragile eta enpresa batzuek osatutako fundazio batek kudeatuko du.
Sindikatuen kritikak
Europa Jauregiaren barruan Baskonia-Alaves taldeak eta erakundeek Innovaraba proiektua aurkezten zuten bitartean, LAB, STEILAS, ELA, CCOO, CGT eta ESK sindikatuek, Ernai eta EHUko Ikasle Kontseiluarekin batera, elkarretaratzea egin dute euren ustez "irabazio asmoko unibertsitate pribatu elitista" den proiektua arbuiatzeko.
"Kezka handia" agertu dute, "unibertsitate publikoari egindako diru ekarpenak nahikoak ez diren bitartean, unibertsitate pribatuei gero eta erraztasun gehiago" ematen zaielako, eta "gero eta diru publiko gehiago" bideratzen zaielako. Horrekin batera, hainbat kritika egin dizkiote proiektuari: besteak beste, euskal unibertsitate sisteman dauden titulazioak "bikoiztu" egingo dituela eta EHUrekin "lehian" sartuko dela, kontratatuko dituen langileen lan baldintzen berri ematen ez duela, eta euskarak bere hezkuntza planen barruan izango duen eragina argitzen ez duela.
"Euneiz bezalako proiektuekin politikari batzuk unibertsitate sistema publikoaren desegitea ahalbidetzen ari dira, herritarroi bizkarra emanez", gaineratu dute sindikatuek, ohar bateratu baten bitartez. "Hezkuntza unibertsitario publikoaren defentsan, Euneiz geldiarazi", aldarrikatu dute.