Misterio bat izan da Baskoniaren unibertsitaterako 64 milioi euroko inbertsioa Europako funtsetarako proiektuen artean agertu zenetik. Euneiz unibertsitate pribatuak diru publikoa jasoko ote du? Asteetako isiltasunaren ostean, aste honetan bata bestearen atzean iritsi dira iragarpenak.
Astelehenean, Gasteizko Udalak 480.000 euroko inbertsioa egingo duela iragarri zuen. Udal talde politikoen artean iritzi kontrajarriak dauden arren —Elkarrekin taldeak, adibidez, uste du "egitasmo elitista" dela eta "inbertitutako euro bakoitza xahutua" izango dela—, udal gobernuak ziurtatu du "inbertsio ona" dela eta proiektuak bere babesa duela. "Ahalik eta funts gehien erakartzea da helburua", azpimarratu du Ana Oregi zinegotziak (EAJ).
Egun bat beranduago, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak aurreratu du Aldundiak Udalaren inbertsio berbera egingo duela; hau da, beste 480.000 euro emango dizkiola unibertsitate pribatuaren proiektuari. Horrela, "ekintzailetza, talentua eta berrikuntza" sustatuko dituen plan baten alde egin du Gonzalezek.
Proiektuaren 64 milioi euroko aurrekontutik, 30,73 milioi inguru kapital pribatutik izatea aurreikusi dira, eta beste 32 milioi inguru Europako funtsetatik eskuratzea espero dute. Beraz, aurreikus daiteke gainerako inbertsioa diru publikotik iritsiko dela: Udalak eta Aldundiak iragarritakoaren arabera, gutxienez 960.000 euro Arabako instituzioetatik iritsiko da, baina oraingoz ez dago argi Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekarpena.
Araba-Gasteiz Sport Capital proiektua
Aurreikuspenen arabera, Araba-Gasteiz Sport Capital izeneko proiektua ekainean aurkeztuko da, eta hainbat espazio izango ditu Euneiz unibertsitateaz gain:
- Nazioarteko ikastetxe bat.
- Garapenerako eta teknifikaziorako zentro bat.
- 350 ikasle eta kirolarirentzako egoitza bat.
- Ekintzailetzarako eta enpresa garapenari laguntzeko zentro bat.
- Kirol ikerketa eta medikuntzarako zentro bat.
Beste artikulu honetan, egitasmo pribatuaren xehetasunak aztertu genituen ALEAn.