Lurrean finkaturiko egitura fotovoltaiko erraldoiak zabaltzen ari dira Europa osoan, energiaren alorreko enpresa handien eta inbertsio funtsen bultzadaren babesean. Ildo horretan, 2019an, Espainiako Estatua izan zen sektore fotovoltaikoaren merkatu liderra Europan, eta seigarren postua okupatu du mundu mailan. Lurzoruan kokaturiko megaparkeetan 4.200 megawatteko potentzia berria instalatu zuten iaz, eta beste 459 megawatt autokontsumora zuzendutako egitura txikietan. Iberdrolak eraiki du Badajozen Europako planta fotovoltaiko handiena, Nuñez de Balboa izenekoa, 500 megawatteko potentzia instalatuarekin; eta Caceresen 1.300 hektarea okupatuko dituen 590 megawatteko parke handiago bat martxan jartzeko tramiteak hasi ditu.
Extremaduran bezala, Araban, Armiñonen, Ribaguda herritik gertu 100 megawatteko potentzia sortzeko gaitasuna izango duen Euskal Autonomia Erkidegoko eguzki parke handiena eraikitzeko proiektua bultzatu du Iberdrolak. Kasu honetan, berrehun hektareako nekazaritza lursaila okupatuko dute, 250.000 eguzki-plaka jarriko dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, 2022. urtearen amaieran martxan egongo da parkea. EAEk ekoizten duen eguzki-energia hirukoiztu egingo duela iragarri dute. 70 milioi euroko inbertsioaren parte nagusia (%75) Iberdrolak hartuko du, %20 EVEk Arabako Diputazioaren atxikimenduarekin, eta %5 Mondragon taldeak.
Parke fotovoltaiko handien aldeko dinamika aldaketa azken urteetako joera da Europan
Historia luzea duten Europako Batasuneko beste eguzki merkatuetan ere lur gainean kokatutako eguzki parke handien berpizkunde berri bat igartzen ari da. Hala jaso du Europako eguzki energiako patronalaren elkarteak 2020-2024 Solar Power txostenean: "Lizitazioetarako joerak lurrean muntatutako parke fotovoltaikoen olatu handi baterako oinarriak jarri ditu, Espainian bezala; esaterako, Holandan, Europako herrialderik populatuenetako batean, lurrean muntatzeko instalazioen gorakada atzematen da".
Proiektu fotovoltaiko handien aldeko dinamika aldaketa azken urteetako joera da Europan. Alemania da kontinentearen gaitasun fotovoltaikoaren buru (45,92 GW). Atzetik ditu Italia (19,87 GW), Erresuma Batua (12,96 GW) eta Frantzia (8,92 GW). Orain arte, Alemania, Italia eta Franzia autokontsumoari lotutako instalazio berriztagarri txikien alde egin dute. "Alemanian, potentzia fotovoltaikoaren erdia baino gehiago 40 kW baino gutxiagoko proiektuei dagokie. Frantzian ere instalazio horien %98k 100 KWtik beherako potentziak dituzte". Bada, azken aldian proiektu fotovoltaiko handiak garatzen ari dira herrialde horietan ere. Solar Power txostenak jaso duenez, "Alemanian duela gutxi 50 megawatteko lehen eguzki sistema komertziala osatu dute,175 megawateko planta bat eraikitzen ari dira, eta beste zenbait parke garapen etapan daude".
Ekian eta Ekienea
Dinamika aldaketa horren baitan kokatzen dira, baita ere, Araban bi urteko epean martxan jarri diren proiektuak: Ekian (Erriberabeitia) eta Ekienea (Armiñon). 2017. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalatuta zegoen potentzia fotovoltaikoa 27 megawattekoa zen, batik bat autokontsumorako instalazio txikiei esker. 2023. urtean, berriz, Erriberabeitiko planta eta Armiñongoa martxan jartzen dutenean, EAEko potentzia fotovoltaikoa boskoiztu egingo da; eta Jaurlaritzaren Euskal Energiaren Estrategiak aurten aurreikusita dituen 135 MWeko potentzia aise gaindituko da.
Erakunde publikoek enpresa pribatuekin lotu dituzten aliantzei esker gauzatu dira megaparkeak. Aspaldikoa da Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren arteko harreman estua. Iazko martxoan, hiru lurraldeetan proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak batera garatzeko akordioa sinatu zuten Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Iberdrolak, eta halaber Aixeindar enpresa sortu dute (%60 Iberdrola, %40 EEE) parke eolikoak eraikitzeko. Modu horretan, 80. hamarkadan Eolicas de Euskadi elkartearen bitartez, Elgea, Oiz (Bizkaia) eta Badaiako parke eolikoak eraikitzeko sortu zuten akordioa berritu dute.
Energia berriztagarrien ekuazio publiko-pribatu horretan sartu da ere Mondragon taldea. 2010. urtean proiektu fotovoltaiko guztiak bertan behera utzi zituen talde gipuzkoarrak baratze eta parke fotovoltaikoen sustatzaileen inbertsioak gelditu zirelako, eta erregulazio murriztaileagoa ezarri zenean. Alta, 2019an, Krean taldea sortu eta Erriberabetiko proiektuan sartu ziren. Ekian eguzki-planta, urtarrilean inauguratu zuten, 24 MWko gaitasunarekin.
Aurreikusi gabe
Arabako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenetan berriki hartu du garrantzia eguzkiaren energiak. Izan ere, alor horretan garapen eskasa aurreikusten zuten erakunde publikoek Euskadiko Energiaren Estrategia 2030 plana onartu zutenean. "Euskadi eguzki-erradiazio gutxi duen herrialdea da, eta gutxieneko baldintzak estuki betetzen ditu; beraz, hedapena estatuko beste eremu batzuetakoa baino askoz txikiagoa izan da. Gainera, orografiak eta lurzoruaren faltak ez dute ahalbidetu lur-eremu handiagoa duten erkidegoetan ugaritu diren eguzki-baratzeak ezartzea". Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2012ko datuen arabera, energia fotovoltaikoan instalatutako potentziaren balantzea 24,5 MWkoa da, tamaina txikiko 3.000 instalazio ingururen artean banatuta.
Mugarri planaren arabera, teilatuko plakak dira energia sortzeko modu "bideragarriena"
Instalazio mota horretara bideratu da Jaurlaritzaren sustapen-politika, baina ez da apustu sendorik egin. "Fotovoltaikoa ez da Eusko Jaurlaritzak Energibasque Industria Garatzeko Estrategiaren esparruan garatzea aurreikusi duen arloa".
Energia teilatuetan
Ildo beretik, 2010 eta 2020 urteen artean herrialdean energia berriztagarriak bultzateko Arabako Diputazioak onartu zuen Mugarri planak ez du parke erraldoiak garatzeko aukera jasotzen. 2010. urtean energia fotovoltaikoaren bidez, 4,7 megawatt sortzeko gaitasuna zegoen Araban: 2,2 megawatt teilatuetan jarritako plakak erabilita eta gainerako 2,5 eguzki-baratza txikien bidez. Bada, Mugarrik aurreikusten zuen 2020. urterako soilik 15 megawatteko potentzia berria sortzea, "eguzki-parke berriak sortuz, daudenak handituz eta pabiloietako eta industria-instalazioetako teilatuetan instalazio berriak bultzatuz".
Izan ere, planaren arabera, teilatuen instalazioak dira energia fotovoltaikoaren zabalpena sustatzeko modurik "bideragarriena", hain zuzen "eragin bisual txikiagoa eta lurralde okupazio txikiagoa dutelako". Hala, egindako kalkuluen arabera, 2050. urtean, Gasteiz udalerriko teilatuak eguzki-plaka fotovoltaikoak jartzeko erabiliz gero, 75 megawatteko potentzia lortu daiteke, eta urtean 71,52 Gw sortu.
Bide horretan sakonduz, Espainiako Iraunkortasunaren Behatokiak maiatzean kaleratu du Un millón de tejados solares estatuko teilatuetan eguzki-elektrizitatea ekoizteko gaitasunaren inguruko azterketa. Gizarte ekimenez sortutako elkartearen irudikoz, energia fotovoltaikoa garatzeko modu hau gutxiesten ari dira erakunde publikoak, parke handien aldean. "Eguzki-energia kontsumoen eremutik gertu kokatzeak onura handiak dakartza; sareko energia aurrezteaz gain, familien eta bizilagunen komunitateen fakturetan dirua aurreztea, berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea eta sareetako galerak gutxitzea. Ekoitzitako energia horrek hiriko pobrezia energetikoaren arazoa murrizten lagun dezake", jaso dute.
Alemaniak 1,5 milioi eguzki-teilatu ditu, Erresuma Batuak 800.000; Araban, 2,2 megawatt bakarrik daude
Ikerketa horren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako teilatuetan autokontsumorako 31.908 instalazio kokatzeko aukera dago, 462,6 milioi euroko inbertsioarekin. Modu horretan, urtean, 500 milioi kilowatt sortuko lirateke erkidegoan, eta 237.822 biztanle hornituko lirateke.
"Alemaniak 1,5 milioi eguzki-teilatu dituen bitartean, eta Erresuma Batuak 800.000 edo Italiak 600.000 dituen bitartean", gure herrialdeak 2,2 megawatt bakarrik instalatuta ditu teilatuetan. "Kalifornian edo Australian badira hamarkada batzuk plan horiek dituztela, hemen ezarri ez diren bitartean", salatu du behatokiak.
Demokratizazioa galdegin dute
Sei urteko etenaldiaren ondoren, eguzkiaren energia-iturriaren berpiztea datorrela ematen du. Hala berretsi dute adituek. Zapateroren exekutiboaren garaian sortutako burbuila Rajoyren moratoriarekin eta eguzkiari ezarritako zerga polemikoarekin amaitu zen, eta 60.000tik gora familiaren ekonomian porrot handia eragin zuen. Pedro Sanchezen gobernuak autokontsumorako oztopoak kendu ditu, eta 2007an eta 2008an urrezko garaia izan zuten proiektu fotovoltaikoen berragerpena bidean dago.
Orain, hustutako herriak eta nekazaritza lurzoruak daude energia alor horretan inbertitu nahi duten multinazionalen jomugan, eta eguzki-baratza erraldoien zabalpena areagotu egin da.
Eredu horrek dakarren arriskuaz ohartarazi dute hainbat eragilek. Anpier energia fotovoltaikoaren ekoizle txikien elkarteak salatu du eguzkiaren onurak enpresa talde txiki bat monopolizatzen ari dela, "makroparkeen eraikuntza sustatzen duen araudi bati esker". Enpresa txikiek eta ertainek eta tokiko ekimenek "bete ezin dituzten" baldintzak onartu direla esan du elkarteak, eta "ultra kontzentrazioaren" arriskuak salatu ditu.
Energiaren ekoizpena "demokratizatu" behar da, ekoizle txikien ustez
Elkartearen ustetan, energiaren ekoizpena "demokratizatu" behar da, eta autokontsumoan inbertsioak sustatu. " Premiazkoa da eguzkiaren sorkuntza sozializatzea, tokiko enpresa-ekimenak sustatuz; horretarako, funtsezkoa da inbertitzaile txikien konfiantza bermatzea, segurtasun juridikoa berreskuratuz".
Lurraren aldeko mugimenduek eta nekazari taldeek ere ohartarazi dute espazio naturalak eta nekazaritza lurrak pribatitzatzeko "tentaldiaz". Energia eredu alternatiboaren alde egin du ere Eguzkik. "Ados egon gaitezke eguzki-energiaren gaitasuna aprobetxatu beharrarekin, baina ez kontrola eta erabakitzeko gaitasuna energia-enpresei emateko norabidean", esan du taldeak.