Iberdrolak, Mondragon Taldeak, Arabako Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 70 milioi euro inbertituko dituzte Arabako biztanleen erdiaren -160.000 pertsona- kontsumoa hornituko duen Ekienea eguzki parkea sortzeko, Armiñonen. EAEko eguzki parkerik handiena izango da.
Añanako Armiñon udalerriko 200 hektareako orube batean kokatuta egongo da, 250.000 eguzki-plaka izango ditu, eta, aurreikuspenen arabera, 2022. urtearen amaieran martxan egongo da.
100 megawatteko potentzia izango du, eta gaur egun EAEk ekoizten duen eguzki-energia hirukoiztu egingo du
Sustatzaileek asteazken honetan aurkeztu dute proiektua, urtarrilean Arabako Arasur industrialdean martxan jarritako Ekian parkean; parke hori baino 3,5 aldiz indartsuagoa izango da Ekienea. 100 megawatteko potentzia izango du, eta gaur egun EAEk ekoizten duen eguzki-energia hirukoiztu egingo du. Azaldu dutenez, gainera, CO2 isuriaren 25.000 tona saihestuko ditu urtean.
Iberdrola Renovableseko kontseilari delegatu Julio Castrok espazioa aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu: bere tamaina, espazio laua baina aldi berean altua izatea, hegoalderantz begira egotea, eta urtean 1.300 ordu baino gehiagoko eguzki irradiazioa. Arasur industrialdetik oso gertu dagoen lursail batean eraikiko da parke berria, A-1 errepidearen ondoan.
Proiektua aurrera eramango duen Ekienea Iberdrola enpresa berriaren %75 EEEaren esku dago; Arabako Aldundiak beste %20 dauka, eta Mondragon Taldeak jarriko du kapitalaren gainerako %5.
Ignacio Galan Iberdrolako presidentea, Iñigo Uncin Mondragon Korporazioko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia izan dira proiektuaren aurkezpenean, eta xehetasun guztiak azaldu dizkiete Iñigo Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburuari.
Kritikak
Berehala, proiektuarekiko zein berau aurkezteko moduarekiko hainbat kritika mahaigaineratu dira. Adibidez, Hauteskunde Legearen urraketa salatu dute batzuek; izan ere, legeak ez luke baimenduko gisa honetako aurkezpenik une honetan: "Hauteskundeen deialdia egin eta hauteskundeak egiten diren bitartean, botere publikoek ez dute baimenik izango inaugurazio edo aurkezpen ekitaldirik egiteko edo zabaltzeko", dio legeak bere 68. artikuluan.
Equok, bestalde, proiektu honen eredua gaitzetsi du: "Urkulluren Gobernuak kontsumo puntuetatik urrun dauden instalazio zentralizatuetan oinarritutako planteamendu zaharkituetan jarraitzen du, jabetza eta erabakiak hartzea enpresa berberen esku utziz".
Alderdi politiko horren aburuz, "horrelako proiektuak baimenduz Eusko Jaurlaritzaren helburu bakarra enpresa elektriko handien negozioa ziurtatzen jarraitzea da, herritarrek zein enpresa txiki eta ertainek beren energia ekoizteko aukera kaltetuz".