Aernnovak ekoizpena handituko du orain, 82 langile kalean utzi ostean

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 18a

Aernnova, ITP-PCB eta Tubacexeko langileak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. / ELA

Aernnovak iragarri du ABLEErako egutegia %13 murriztu beharko duela, bederatzi lan egun gehiago aktibatuz. Enpresa batzordeak zuzendaritzaren "jokaldia" salatu du, kaleratzeak ekidin zitezkeela azpimarratuz.

Otsailean, Aernnovako zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) ezarri zuen Berantevillako lantegian: alde batetik, 82 langile kalean geratu ziren  ondorioz —nahitaezko 55 kaleratze, 14 aurre-erretiro eta borondatezko 13 baja—. Duela hogei egun eskas, EAEko Auzitegi Nagusiak EEEa eta kaleratze kolektiboa berretsi zituen.

Horrekin batera, 69 eguneko Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) planteatu zuen lanean jarraitu zuten 370 langileentzat.

Orain, kaleratze kolektibotik hiru hilabete eskas igaro direnean, eta epaiketatik hilabete eskasera, Aernnovako zuzendaritzak aurreikuspen berriak iragarri ditu Berantevillako fabrikarentzat: beharrizan produktiboak handitu dira, eta ABLEErako egutegia %13 murriztu beharko du, hasiera batean iragarritakoarekin alderatuz.

Ondorioz, duela hilabete aurreikusitako baino bederatzi lan egun gehiago izatea espero du enpresak. Horrez gain, hamazazpi langileri ABLEEa murriztuko zaie: 38 jardunaldi gehiago lan egingo dute eta lanik gabeko egunak 31 izango dira. Gainera, beste hiru langileren kasuan, zuzenean bertan behera geratuko da ABLEEa.

"Kaleratzeak ekidin zitezkeen"

Aernnovako enpresa batzordeak astelehen honetan plazaratutako ohar batean, albistea "positiboa" dela aitortu du, baina ez du uste "pozteko modukoa denik". Izan ere, zuzendaritzaren estrategia bat dagoela deritzo: "Edo huts egin zuten aurreikuspenetan, edo EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean kaleratzeak onartzea erraztuko lukeen egoera oso negatiboa aurkezteko egin zuten".

"Ziur gaude egutegia aldatzen jarraituko dutela, eta lanera ez joandako egunak ez direla hasiera batean iragarritakoak beste izango. Uste dugu enpresaren jokaldi bati erantzuten diola: langileak kaleratu nahi zituzten, eta kaleratu egin zituzten".

Langileen aburuz, enpresak "trantsizio formula" baten alde egin izan balu, hasiera batean aurreikusitako ABLEE egunak "nahikoak" izan zitezkeen kaleratzeak ekiditeko. "Negoziazio osoan esan genuen bezala, krisi hau aldi baterakoa izango delako", azpimarratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago