Parke eolikoen aurkako 15.000 alegazio baino gehiago bildu ditu Mendiak Askek

Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 08:30

Apirilaren 24an, 600 pertsona bildu ziren Maeztun parke eolikoen aurka. / MENDIAK ASKE

Dagoeneko 15.000 alegazio bildu eta 30 kontzeju inguru agertu dira parke eolikoen aurka. Astelehen honetan, Kuartangoko Udaleko osoko bilkura Arkamuko proiektuaren aurka agertu da. Aguraingo Udalak, berriz, ez du Iturrietako Mendietako proiektuaren kontrako mozioa onartu.

Parke eolikoen eztabaida pil-pilean dago Arabako udalerri eta kontzejuetan, eta azken asteetan 30 kontzeju inguru agertu dira proiektu horien aurka.

Arabako Mendiak Aske plataformak argitaratutako zerrendaren arabera, Iruraiz-Gaunako Udalaz gain, gutxienez Gereñu, Erroeta, Trokoniz, Jauregi, Opakua, Egileor, Alaitza, Gazeo, Arrizala, Egilaz, Alangua, Bikuña, Langarika, Arrieta, Durruma, Pobes, Artatza-Axkoeta, Atauri, Mezkua, Añua, Oteo, Okariz, Labraza, Kontrasta, Orbiso, Gauna, Lamunoria, Zuhatzu Donemiliaga eta Lasierrako administrazio batzarrek adierazi dute beren aurkako jarrera.

Azken albisteak Añanatik eta Lautadatik iritsi dira, astelehen honetan Kuartango eta Aguraingo osoko bilkurek eztabaidari heldu diote eta.

Kuartango, Arkamuko proiektuaren aurka

Kuartangoko Udalaren kasuan, Arkamu mendilerroan proiektatutako zentral eolikoaren aurka azaldu da Udala. Izan ere, osoko bilkurak adierazpen instituzional bat onartu du, honakoa adieraziz: "Parke eoliko horrek ingurumenean eta paisaian duen eragin handiak eta biodibertsitatearen galerak ez dute konpentsatzen energia berriztagarrien ekoizpena".

Osoko bilkurak adierazi du "energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzearen alde" dagoela, "baina ingurunearekin eta mendien erabilera onenekin bateragarriak izan behar dutela, eta betiere ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena lortzeko".

Arkamun 200 metroko altuerako 19 aerosorgailu jartzea proposatu du Aixeindarrek, 95 MW sortzeko.

Aguraingo mozioak ez du aurrera egin

Aguraingo osoko bilkuraren erabakia bestelakoa izan da, udalerriko herritarren zein kontzejuen artean parke eolikoen kontrako iritzia oso hedatua dagoen arren. Astelehen honetan, Aguraingo udal gobernuak (EAJ) hainbat alegazio planteatu ditu bere udalerrian kokatuko diren hiru aerosorgailuen aurka, baina ez da parke eolikoaren kontra agertu.

Horrekin batera, osoko bilkuraren gehiengoak ez du babestu Arabako Mendiak Aske plataformak aurkeztutako mozioa. Plataformak gogor kritikatu du erabakia, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu; besteak beste, maiatzaren 22an, mobilizazio handi bat deituta dago Agurainen, 12:30ean.

15.000 alegazio baino gehiago

Apirilaren 24an, 600 pertsona bildu ziren Maeztun, Arabako proiektu eolikoen aurkako manifestazioan. Bestalde, Arkamu, Labraza eta Iturrietako proiektuen aurka alegazioak aurkezteko epea amaitu ostean, ostegun honetan, maiatzaren 6an, Mendiak Askek 15.000 alegazio baino gehiago entregatuko ditu Espainiako Gobernuak Gasteizko Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan, 11:30ean.

Erlazionatuak

Berriztagarriak bai, baina horrela ez

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Basozainen Elkartea 2021 mai 03 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago