Arabako Mendiak Aske plataformak lurraldean eraiki nahi dituzten parke eolikoen aurkako 15.000 alegazio baino gehiago bildu ditu, eta ostegun honetan 11:30ean entregatuko ditu Espainiako Gobernuak Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan. Horrez gain, Arabako udalerri eta kontzejuetan hedatuz doa proiektu horiekiko oposizioa.
Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek ostegun honetan erregistratu dituzte Iturrietako Mendietan proiektatutako zentral eolikoaren ingurumen inpaktuko adierazpenaren aurkako alegazioak. Gubernuaren Ordezkaritzaordean izan dira, besteak beste, Raul Lopez de Uralde eta Ruth Ibisate, EH Bilduren Aguraingo eta Arraia-Maeztuko bozeramaileak, hurrenez hurren.
Gogora ekarri dutenez, bi udalerri horietan EAJri "elkarrekin egiteko" gonbitea egin zion EH Bilduk duela hilabete, baina jeltzaleek uko egin diote. "Ez dugu ikusi laguntzeko inolako borondaterik. Arraia-Maeztun, alkateak oraindik ez dio erantzun eskaintzari; Agurainen, berriz, EAJren udal gobernuak erakutsi du prest dagoela udalerriko Aguraingo lurretan kokatu nahi diren hiru errotak —guztira 15 haize errota proiektatzen dira— beste leku batean jartzeko", kritikatu dute.
Ez dago aitzakiarik: Iturrietako eolikoen proiektua bertan behera geratu behar da. Horretarako alegazioak aurkeztu dituzte Agurain eta Arraia-Maeztuko taldeek.
— EH Bildu Araba (@ehbilduaraba) May 5, 2021
???? Energia berriztagarriak arduraz hedatzeko eta eremu babestuak errespetatzeko herri akordioa behar dugu.
????️@IbisateR pic.twitter.com/SZRD4Si5Ml
Kontserbazio Bereziko Eremua
EH Bilduk, bere alegazioetan, nabarmendu du Iturrietako Mendiak Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) batean daudela eta interes handiko 49 espezietan eragina izango lukeela. Horrez gain, Hegaztien Babes Bereziko Eremua (HBBE) ere bada, hegazti nekrofagoentzat eta haien elikadurarako. "Aixeindarren eskaeran ziurtatzen da parke hori ingurumena babesteko eremuetatik kanpo dagoela, eta hori erabat faltsua da", ohartarazi dute.
Handik 900 metrora, gainera, Arabako bi simaurtegietako bat dagoela salatu du EH Bilduk; Analamendiko Simaurtegia hain zuzen.
Baina elementu gehiago aipatu ditu EH Bilduk bere alegazioetan: "Paisaia aldetik interesa duen eremua da eta mendizaletasuna eta turismo potentziala ditu. Hortik, GR 282 artzaintzako bidea igarotzen da eta monumentu megalitikoak eta ehiza aprobetxamenduak ditu. Gainera, lurzoru ezegonkor batean kokatuko litzatekeela detektatu da".
Energia berriztagarrien "hedapen arduratsua"
Argudio teknikoak alde batera utzita, EH Bilduk "energia berriztagarrien hedapen arduratsua" eta "plan argi bat" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "helburuak eta epeak ezarriko dituena eta bazterketa eremuak zein izango diren zehaztuko duena".
Bitartean, EH Bilduren ustez, "babes politiko zabala duen plan bakarra Mugarri Plana da", Iturrietako Mendiak bazterketa eremu deklaratzen dituena. Lopez de Uraldek eta Ibisatek salatu dutenez, "zentral eoliko horren eraginek ez dute konpentsatzen energia berriztagarrien ekoizpena".
Kuartango eta Erriberagoitiaren alegazioak
Azkenik, EH Bilduk jakinarazi du Kuartango eta Erriberagoitiko udal taldeek ere alegazioak aurkeztu dizkiotela Arkamu mendilerroan beste zentral eoliko bat eraikitzeko Aixeindarrek planteatu duen proiektuari. Kasu horretan ere, Natura 2000 Sarean dagoela azpimarratu dute, "bereziki zaindu beharreko eremu gisa".