Intzidentzia tasa metatuak 400 kasuak gainditu ostean, atzoko datuekin alderatuta egonkortzen ari dela dirudi. Azken 24 orduetan 93 positibo atzeman dira, baina lurraldeko intzidentzia 405ekoa da une honetan, hots, bi puntu jaitsi da. Horietatik, 79 kasu Gasteizen atzeman dira; eta hiriburuko intzidentzia 442koa da, asteazkenean baino bi puntu gehiago.
Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko lau udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta:
- Bastida (576)
- Eltziego (1.642)
- Iruña Oka (1.142)
- Legutio (873)
5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (250), Amurrio (232) eta Agurain (149) eremu horian mantentzen dira.
Neurri murriztaileak
Gaurtik aurrera, indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak gure lurraldean: Arabako lurraldearen konfinamendu perimetrala ezarri da; Gasteizen eta beste lau udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa ezarri dira, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 12an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
???????? Ertzaintzak eta udaltzaingoek dagoeneko jarri dituzte martxan eremu gorriko udalerrien mugak kontrolatzeko dispositiboak.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) April 7, 2021
????️ Gaur eguerdiko kontrola Gasteizko irteeran, N-102 errepidean ➡️ https://t.co/cVWEcYDshS pic.twitter.com/IQI17vUjma
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa egonkortze fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, astearte honetan 9.247 test diagnostiko egin ziren; horietatik 731 positiboak izan ziren (%7,9).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,97koa da Araban, eta 1,08koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Baina bereziki Araban hazkundea moteltzen ari da, birsorkuntza tasa atzera egiten hasi delako eta positibo bakoitzak beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako. Ikusteke dago datozen egunetan joera hori mantentzen ote den.
Ospitaleen egoera
Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera ez da ona, eta presio asistentziala ez da jaisten. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 66 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 369 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 100 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 469 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
Txertaketari buruzko datuak
Aste Santuan zehar, txertaketa prozesua bizkortu egin da EAEn, AstraZenecarekin biztanleria orokorraren txertaketa masiboa hasi ondoren eta, bereziki, hainbat txertodromo aktibatu ondoren; horien artean, Gasteizko Lakua pilotalekua.
Dagoeneko Espainiako hirugarren autonomia erkidegoa da (Errioxa eta Ceutaren atzetik) jarritako txertoen ehunekoari dagokionez: une honetan, jasotako txertoen %85,6 jarri ditu.
Gainera, txertatutako biztanle gehien dituen laugarren autonomia erkidegoa da: %17,1ek lehen dosia jaso du gutxienez, eta %6,1ek bigarrena ere. Hala ere, 80 urtetik gorako herritarren txertaketa motelago doa, Pfizer eta Moderna txertoen hornidura urriagoa delako.