Ofiziala da: Arabak txertodromo bat izango du laster, eta Lakuako frontoian izango da, Gasteizen. Hala iragarri du Gotzone Sagarduik astearte honetako prentsaurrekoan. Pilotalekua Txagorritxu ospitaletik hurbil dago, eta horrek azpiegitura eta koordinazioa erraztuko du; gainera, ondo komunikatuta dago tranbiarekin eta autobus geltokiarekin, irisgarria da, eta aparkaleku handi bat dago handik gertu.
Zentro honen helburua Arabako ESIaren zerbitzua jasotzen duen biztanleria orokorraren immunizazio prozesua bizkortzea izango da. Izan ere, egunotan Pfizer, Moderna eta AstraZeneca txertoen dosi gehiago iritsiko dira; eta laster Johnson & Johnsonen Janssen txertoa gehituko zaie.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila ere lanean ari da txertaketa prozesua arintzeko, hainbat hilabetez autonomia erkidegoen sailkapenaren atzeko postuetan izan ostean. Txertodromoak sortzea, beraz, urrats garrantzitsua izango da horretarako.
65 urtetik beherakoak
Osasun sailburuak azaldu duenez, 65 urtetik beherako biztanleria orokorra izango da AstraZeneca txertoa bertan jasoko duen lehen kolektiboa. Izan ere, Osakidetza egunotan ari da herritar horiekin hitzorduak zehazten —65 urteko pertsonekin hasita—, eta Lakuako frontoiko txertodromoa datozen egunetan prest izango da.
Bitartean, 80 urtetik gorako arabarren txertaketa aurrera doa Santiago ospitalean. Eta Osasun Saila txertoa jasoko duten hurrengo taldeen zerrendak prestatzen ari da. Espainiako Gobernuaren immunizazio plan nazionalaren arabera, laster iritsiko da 70 eta 79 urte bitarteko herritarren txanda; horiekin batera, minbizia, arnas gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsona zaurgarriak kontuan hartzea aurreikusi da.