Espero zen bezala, Aste Santuan zehar 400eko intzidentzia tasa metatua gainditu dute Arabak eta Gasteizek. Lurraldearen intzidentzia 407koa da une honetan, azken 24 orduetan 88 positibo atzeman diren bitartean. Horietatik, 72 kasu Gasteizen atzeman dira; hiriburuko intzidentzia tasa metatua, gainera, 440koa da jada. Beraz, lurraldea eta hiriburua eremu gorrian daude.
Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko lau udalerri arabar azaldu dira Osasun Sailak udalerrien egoeraren inguruan argitaratutako azken ebazpenean, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Bastida (512), Eltziego (1.739), Iruña Oka (1.197) eta Legutio (818).
Joan den astean, Arabako bost udalerri zeuden konfinatuta. Egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta, Elvillar (2.556), Urkabustaiz (551) eta Zigoitia (351) eremu gorritik atera dira, Eltziego eta Iruña Oka bertan mantentzen diren bitartean.
5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (256), Amurrio (232) eta Agurain (149) eremu horian daude, oraingoz.
Neurri murriztaileak
Hortaz, asteazkenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak aplikatuko dira gure lurraldean: Araban lurraldearen konfinamendu perimetrala ezarriko da; Gasteizen eta beste lau udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat neurri sartuko dira indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala berrezartzea. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 12an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
Maiatzaren 9an, alarma egoeraren amaiera
Astearte honetako prentsaurrekoan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ofizialki iragarri du maiatzaren 9an amaituko dela alarma egoera. "Behin epea amaituta, alarma egoera gehiago ez luzatzea da helburua", ziurtatu du Sanchezek, eta ekainaren lehen astean 10 milioi pertsona txertatuta izatea espero du; 33 milioi abuztu amaieran.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, astelehen honetan 6.063 test diagnostiko egin ziren; horietatik 529 positiboak izan ziren (%8,7). Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,02koa da Araban, eta 1,06koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du, kutsatzen den pertsona bakoitzeko beste bat baino gehiago kutsatzen ari delako, baina egonkortzen ari da.
Ospitaleen egoera
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 50 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 364 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 105 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 469 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
Txertaketari buruzko datuak
Aste Santuan zehar, txertaketa prozesua bizkortu egin da EAEn, AstraZenecarekin biztanleria orokorraren txertaketa masiboa hasi ondoren eta, bereziki, hainbat txertodromo aktibatu ondoren; horien artean, Gasteizko Lakua pilotalekua.
Dagoeneko Espainiako hirugarren autonomia erkidegoa da (Errioxa eta Ceutaren atzetik) jarritako txertoen ehunekoari dagokionez: une honetan, jasotako txertoen %85,6 jarri ditu.
Gainera, txertatutako biztanle gehien dituen laugarren autonomia erkidegoa da: %17,1ek lehen dosia jaso du gutxienez, eta %6,1ek bigarrena ere. Hala ere, 80 urtetik gorako herritarren txertaketa motelago doa, Pfizer eta Moderna txertoen hornidura urriagoa delako.