Koronabirusa

Supermerkatuetako langileek txertorik gabe jarraitzen dute

Erredakzioa 2021ko mar. 29a, 19:30

Txertaketa estrategia berriak supermerkatuetako langileak baztertu ditu. / PIXABAY

Pandemia osoan funtsezkotzat jo diren eta txertoa jaso behar zuten arren, txertaketa estrategia berriak supermerkatuetako langileak baztertu ditu. Azkenean, adinaren araberako txertaketa orokorrarekin batera iritsiko da haien txanda.

Hasiera batean, Espainiako Gobernuaren diseinatutako eta Osakidetzak martxan jarritako txertaketa estrategiaren arabera, supermerkatuetako langileak 6. taldean zauden; eta horrela agertzen da oraindik Osasun Sailaren webgunean. Talde horrek "gizartearentzat funtsezko funtzioa betetzen duten kolektiboak" zehazten ditu: besteak beste, poliziak, unibertsitatez kanpoko langileak eta supermerkatuetako langileak.

Azken egunetan, ordea, estrategia eguneratu eta hainbat aldaketa egin dituzte, eta, besteak beste, supermerkatuetako langileak 6. taldetik kanpo utzi dituzte. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren webgunearen arabera, "txertoak eskuragarri dauden neurrian" hartuko dira kontuan.

Aldaketa polemika handirik gabe egin den arren, aldaketaren berri egun batetik bestera izan dute Arabako hainbat supermerkatutan, eta horrek langileen haserrea piztu du.

ALEAk jakin duenez, duela bi aste, Osakidetzak gutun bat bidali zuen Gasteizko supermerkatu ospetsu batera, kutxazain gisa lan egiten zuten pertsonen zerrenda eskatzeko. Langile gehienek joan den astean sinatu zuten txertatzeko baimena, txertoa laster iritsiko zelako itxaropenarekin. Ostiralean, ordea, txertaketa estrategia aldatu dela jakinarazi zieten.

Hortaz, oraingoz ez dute txertorik jasoko, eta adin tartearen araberako txertaketa orokorrera itxaron beharko dute.

Ertzaintza bai, supermerkatuak ez

Astelehen honetan hasi da 65 urteko pertsonen txertaketa, AstraZenecarekin. Ondoren, adin horretatik behera jarraituko du txertaketak, modu mailakatuan. Bitartean, Osasun Sailaren azken datuen arabera, 6. taldeko beste kolektiboen txertaketari dagokionez, Ertzaintzan eta unibertsitatez kanpoko hezkuntzan %100ak jaso du txertoaren lehen dosia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago