Azken egunetan hazkundea apur bat moteldu bada ere, pandemiaren bosgarren olatua errealitate bat da, eta Arabako intzidentzia tasa metatuak gora egiten jarraitzen du: une honetan 354koa da, eta azken 24 orduetan 57 positibo atzeman dira lurraldean.
Horietatik gehienak, 47, Gasteizen atzeman dira. Hiriburuko intzidentzia tasa metatua, gainera, 370ekoa da jada; datozen egunetan gaindituko ditu 400 kasuak, eta neurri murriztaile berriak ezarri beharko dira bertan.
5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (168), Amurrio (135) eta Agurain (224) eremu horian daude, oraingoz.
Bestalde, egoera kezkagarriagoa da Arabako hainbat udalerritan, intzidentzia tasa metatua altua delako: Aiara (621), Berantevilla (1.402), Eltziego (2.415), Elvillar (1.420), Guardia (456), Iruña Oka (1.169), Okondo (1.396), Urkabustaiz (620), Villabuena (709) eta Zigoitia (585).
Neurri berriak
Astelehen honetatik aurrera, LABIk ostiralean ezarritakoaren arabera, neurri murriztaile berriak ezarri dira intzidentzia tasa metatua 400 kasutik gorakoa den udalerrietan. 5.000 biztanletik gorako udalerri arabarrei ez diete eragingo Aste Santuan zehar, baina 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan irizpide bereziak hartzen dira kontuan.
Honakoak dira udalerri horietan ezarri diren neurri nagusiak: konfinamendu perimetrala berrezartzea, ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea eta espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga. Konfinamendu perimetrala gainditzeko salbuespenetako bat izango da Aste Santuan gaua igarotzeko erreserba bat egiaztatzea.
Arabaren kasuan, Eltziego, Elvillar, Iruña Oka, Urkabustaiz eta Zigoitia konfinatuta daude gaurtik aurrera. Lurraldea bera eta hiriburua, Gasteiz, ez dira aste honetako udalerrien ebazpenean sartu, oraingoz. Hurrengo ebazpena apirilaren 6an argitaratuko du Osasun Sailak.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 5.632 test diagnostiko egin ziren; horietatik 362 positiboak izan ziren (%6,4). Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,39koa da Araban, eta 1,22koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du, kutsatzen den pertsona bakoitzeko beste bat baino gehiago kutsatzen ari delako.
Ospitaleen egoera
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 24 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 278 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 85 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 363 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
Txertaketari buruzko datuak
Osasun Sailak jakitera eman duenez, adin taldeen irizpideari jarraituz, EAEn dagoeneko hasi da 65 urteko biztanleen txertaketa orokorra AstraZenecarekin. Bost egunetan 29.000 dosi baino gehiago txertatzea aurreikusi dute.