Koronabirusa

65 urtetik beherako herritarren txertaketa orokorra datorren astean hasiko da EAEn

Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 14:00

Asteazkenetik aurrera, AstraZenecarekin txertatzeari berrekingo dio Osakidetzak. / IREKIA

EAEk asteazken honetan berrekingo dio AstraZenecarekin txertatzeari. Gainera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, datorren astean hasiko da 65 urtetik beherako biztanleria orokorraren txertaketa.

Ostiralean Sendagaien Europako Agentziak (EMA) AstraZenecaren txertoa segurua dela baieztatu ondoren, EAEn asteazkenean berrekingo zaio AstraZenecaren txertaketari. Horretarako, igandera bitartean, txertaketa eten zenean geldirik geratutako dosiak berraktibatu nahi ditu Osakidetzak; guztira, 27.000 eta 37.000 dosi artean.

Gainera, Sagarduik iragarri duenez, azken egunetan Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean adostutakoari eta adinaren irizpideari jarraituz, datorren astean hasiko da 65 urtetik beherako herritarren txertaketa orokorra, AstraZenecaren txertoarekin.

Nolakoa izango da prozesua?

  • Lehenengo urratsa izango da AstraZenecaren txertaketa eten zenean txertoa jaso behar zuten kolektiboekin hitzorduak berrartzea. Horrekin batera, gaurtik aurrera, hezkuntza arloko profesionalek mezu bat jasoko dute, Osakidetzaren webgunean hitzordua eskatzen has daitezen.
  • Osasun Sailaren aurreikuspenen arabera, kolektibo horien txertaketa aste honetan bertan amaitu daiteke, eta, ondoren, datorren astetik aurrera, 65 urtetik beherako lagunen txertaketa hasiko da.
  • Hasieran, AstraZenecaren txertoa jasotzen hasi ziren taldeetan Ertzaintza, udaltzaingoak, suhiltzaileak eta abar—, zitazioa 55 urtetik gorako eta 65 urtetik beherako kideetara zabalduko da. Kolektibo horien txertaketarako prebentzio zerbitzuen, mutualitateen eta foru aldundien laguntza izango da.
  • Horrekin batera, biztanleria orokorraren txertaketa hasiko da: hasieran 65 urtekoekin, eta gero, adin horretatik behera, modu mailakatuan. Betiere dosien horniduraren eta eskuragarritasunaren arabera garatuko da hori; beraz, ezin da esan txertaketa masiboa hasiko denik, baina bai, ordea, jauzi kualitatibo garrantzitsu bat izango dela.

Pfizer txertoa

Bestalde, Osakidetzak 37.440 Pfizer dosi jaso berri ditu, eta horietako gehienak 90 urtetik gorako pertsonentzat bideratuko dira. Sailburuak azaldu duenez, talde horretako 33.580 pertsonak jaso dute txertoa dagoeneko; %98,3 inguru da hori. 80 urtetik gorakoei dagokienez, 47.842 pertsonak jaso dute lehen dosia; txertatu nahi direnen %38,6k.

Hala eta guztiz ere, une honetan, jasotako dosiekin alderatuta, txertatutako dosien ehuneko txikiena duen erkidegoa da EAE. Espainiako Osasun Ministerioaren azken txostenaren arabera, %73koa da ehunekoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago