Koronabirusa

AstraZenecaren txertaketari asteazkenean berrekingo zaio

Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 20:57

Astelehenean, behin-behinean eten zen AstraZenecaren txertaketa. / IREKIA

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) AstraZenecaren txertoa segurua dela baieztatu du. Hortaz, bere gomendioei jarraituz, datorren asteazkenetik aurrera txertaketari berrekingo zaio, baita Araban ere.

Hiru egunez jazotako intzidentziak aztertu ondoren, EMAk ondorioztatu du ez dagoela "zantzu argirik" Europako Batasunean hogeita hamar bat herritarrek sufritutako tronboak AstraZenecaren txertoarekin lotura daudela ziurtatzeko. Are gehiago, Emer Cooke Sendagaien Europako Agentziako zuzendari exekutiboak adierazi du AstraZeneca txertoari buruzko ondorio "argi eta zientifiko batera" iritsi direla: "Txertoa osasuntsua eta eraginkorra da".

Hori dela eta, AstraZenecaren txertaketa bertan behera utzi duten Europako herrialdeei horien artean Espainia, "lehenbailehen berrekiteko" eskatu die, bere irizpideen arabera, "txertoaren onurek arriskuak gainditzen dituztelako".

Ebazpena zuzenean loteslea ez den arren, Espainiako Osasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren premiazko bilera deitu ditu ostegun honetan, 18:00etan, autonomia erkidego guztiekin AstraZenecaren txertaketa kanpainaren berraktibatzea adosteko.

Bilera horretan erabaki denez, lehentasunezko kolektiboetako 55 urtetik beherako herritarren txertaketari datorren asteazkenean, martxoaren 24an, berrekingo zaio. Datozen egunetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak AstraZenecaren 37.000 dosi inguru berraktibatzeko asmoa du, eta azpimarratu du EAEn ez duela bigarren mailako ondoriorik eragin. Beste herrialde batzuetan Frantzian, adibidez, ordea, bihar bertan berrartuko dute AstraZenecaren txertaketa.

Hala eta guztiz ere, Sendagaien Europako Agentziak txertoen inguruko intzidentziak ikertzen jarraituko du aurrerantzean ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago