Koronabirusa

Txertaketarako hitzordua online eskatzeko aukera aktibatuko du Osakidetzak

Erredakzioa 2021ko mar. 9a, 13:35

Astra Zenecaren txertoa laster jasoko duten 30 kolektibo iragarri ditu Sagarduik. / IREKIA

Asteazkenetik aurrera, Osakidetzak txertaketarako hitzordua online eskatzeko sistema bat jarriko du martxan bere webgunean. Hezkuntzako langileak izango dira lehenak, baina laster txertoa jasoko duten 30 kolektibo iragarri dituzte.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du Astra Zenecaren txertoaren dosiak laster hartuko dituzten 30 kolektiboen zerrenda. 55 urte edo gutxiagoko pertsonen txertaketa azkartzeko helburuarekin identifikatu dituzte kolektibo horiek.

Osakidetzak jarriko die txertoa kolektibo horiei, foru aldundietako txertaketa taldeekin, prebentzio zerbitzuekin eta mutualitateekin lankidetzan.

Horrekin batera, hezkuntza publiko zein itunpekoko langileen kolektiboa webgunearen bidez zitatzeko bideak aktibatuko ditu asteazken honetan, martxoaren 10ean.

Sailburuak azaldu duenez, 80 urtetik gorako biztanleei telefonoz deitzen jarraituko zaie hitzordua emateko.

Nola eskatu hitzordua?

Hortaz, bihartik aurrera, hezkuntza arloko langileek Osakidetzaren webgunetik eskatu ahal izango dute txertaketarako hitzordua:

  • Nortzuk eskatu ahal izango dute? Oraingoz, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta jantokiko, sukaldeko zein garraioko langileek izango dute hitzordua eskatzeko aukera.
  • Nola eskatu beharko da hitzordua? Osakidetzaren webgunean zuzenean egin ahal izango da eskaera; horrez gain, SMS bat ere bidaliko da telefono mugikorrera, hitzordua eskatzeko aukera dagoela jakinarazteko baldin eta Euskal Osasun Zerbitzuan jasotako telefono zenbakia eguneratuta badago—.

Adinekoen txertaketa

Bitartean, Osakidetzak adinekoen txertaketarekin jarraitzen du. 90 urtetik gorako 23.491 pertsonak txertoa jaso dute; horietako 1.568k etxean bertan. Asteon, 80 urte baino gehiago dituzten pertsonetara jaitsiko da adin-tartea, biztanleriaren immunizazioarekin aurrera egiten jarraitzeko.

Kolektibo horretako lagunei telefonoz deituko die Osakidetzak, hitzordua jakinarazteko eta dosia nola eta noiz emango zaien zehazteko.

Sailburuak azpimarratu du pertsona horien txertaketaren erritmoa iristen diren Pfizer txertoen kopuruaren araberakoa izango dela.

Astra Zeneca, 30 kolektiborentzat

Osasun Sailak 30 bat kolektibo identifikatu ditu. Aste honetan, kolektibo horietako 55 urteko edo gutxiagoko pertsonen txertaketarekin jarraitzea da asmoa:

  • Ertzaintza
  • Udaltzaingoak
  • Espainiako Polizia eta Guardia Zibila
  • Suhiltzaileen kidegoa
  • Etxeko Arreta Zerbitzuko profesionalak
  • Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza-eremuko profesionalak
  • Espetxeetako funtzionarioak
  • Farmaziako bulegoetako profesionalak

Aste honetan ere, honako hauekin hasiko da prozesua:

  • Bilboko eta Pasaiako portuko profesionalak
  • Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalak
  • Fisioterapeutak
  • Osasun Publikoko laborategietako pertsonala
  • Unibertsitateaz kanpoko irakasleak
  • Gazteen justizia zentroetako langileak
  • Psikologiako profesionalak
  • Podologiako profesionalak
  • Optometristak
  • Albaitariak
  • Hortz-protesigileak
  • Arrantzaleak
  • Aterpetxeetako profesionalak
  • Iragaitzazko migratzaileen eta errefuxiatuen harrera zentroetako profesionalak

Bestalde, honako kolektibo hauen txertaketa prestatzen ari dira:

  • Garraio publikoko pertsonala
  • Etxeetan arreta ematen duten udaletako gizarte langileak
  • Supermerkatuetako kutxetako pertsonala
  • Presoak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago