Koronabirusa

Hamabost egunez AstraZenecaren txertaketa eten du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa 2021ko mar. 15a, 18:13

Carolina Darias, Espainiako Osasun ministroa. / MONCLOA

Espainiako Gobernuak AstraZenecaren txertaketa geldiaraztea erabaki du, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txerto hori jaso duten pertsonen tronboen auzia aztertzen duen bitartean. Oraingoz, hamabost egunez geratuko da bertan behera.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa autonomia erkidegoetako teknikariekin bildu da astelehen honetan, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren premiazko bilera batean, Oxford - AstraZenecaren txertoa jartzeko estrategian ezarritako aldaketak aztertzeko.

Izan ere, AstraZenecaren txertoarekin lotuta egon daitezkeen tronboen zenbait kasu larri erregistratu ostean, hainbat herrialdek horien artean, Alemania, Italia eta Frantzia txerto horren erabilera aldi baterako bertan behera uzteko erabakia hartu dute. Horren ondoren iritsi da Espainiako Gobernuaren erabakia.

Oraingoz, hamabost egunez etengo da txertaketa, "berehala eta prebentzioagatik", Sendagaien Europako Agentziak (EMA) tronboen auzia aztertzen duen bitartean.

Txertaketa etenda

Osakidetzak bertan behera utziko ditu AstraZenecaren txertoa jasotzeko online hitzorduak, baina hitzordua telefonoz hartu zutenak ez dira joan beharko. Horrez gain, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak lasaitasun mezua igorri du: "EAEn 50.474 dosi eman dira eta ez dago bigarren mailako ondorio larririk".

Horrela, EAEn ere, 55 urtetik beherako pertsona eta kolektibo ugariren txertaketa etenda geratuko da datozen bi asteetan; tartean, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arloko langileena eta bigarren dosiaren zain zeuden beste hainbat kolektiborena. Horrek txertaketaren erritmoa erabat baldintzatuko duen arren, Osasun Ministerioak azpimarratu du AstraZenecaren txertoak 84 eguneko epea eskaintzen duela bigarren dosia jartzeko.

OMEren eta EMAren ikerketak

Azken egunetan, EMAk berak defendatu du ez dagoela AstraZenecaren txertoaren eta tronbo hilgarrien arteko lotura frogatzen duen ebidentzia zientifikorik; hala ere, txertaketa aldi baterako etetearen alde agertu da azken orduetan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ere AstraZenecaren txertoa "ez erabiltzeko arrazoirik ez" dagoela ziurtatu du.

Guztiarekin ere, OMEk astearte honetan aztertuko du gaia, eta Sendagaien Europako Agentziak ostegunean emango du bere ikerketaren ondorioen berri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago