Arabako parke eolikoen proiektua geldiaraztea eskatuko du EH Bilduk Legebiltzarrean

Erredakzioa 2021ko mar. 17a, 13:09
Elgea-Urkillako zentral eolikoa. / EVE-EEE

Ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrera iritsiko da Arabako mendietan kokatu nahi diren parke eolikoen inguruko eztabaida. Izan ere, EH Bilduk Iturrietan, Arkamun, Labrazan eta Azazetan abiatu diren zentral eolikoak geldiaraztea defendatuko du.

Arkamu, Iturrieta eta Labrazako parke eoliko berriak izapidetzen hasi diren aste berean, "energia berriztagarrien hedapen arduratsu, ordenatu eta sendoa" bultzatzea eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Horregatik, Arabako mendietan kokatu nahi diren lau zentral eolikoen instalazioa (aipatutakoei Azazetakoa gehitu behar zaie) geldiaraztea defendatuko du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean; izan ere, osoko bilkuran eztabaidatuko da horren inguruko mozio bat.

EH Bilduren ustez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu bitartean, "abiatu edo iragarri diren tramitazio guztiak bertan behera utzi behar dira berriztagarrien kontsentsuzko hedapen ordenatu bat lortze aldera".

Legebiltzarkide talde subiranistak gogor kritikatu du abian jarri diren proiektu horiek: "Plan argirik ez egoteaz gain, babestuta dauden eremuetan kokatzen direla" azpimarratu du, Arabako Mendiak Aske plataformak ALEAn argitaratutako gutunean salatu duen bezalaxe.

Gidaritza publikoa

Berriztagarrien inplementazioak "gidaritza publikoa" behar duela uste du EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok: "Plan zehatz baten arabera egin behar da, eta, nola ez, ahalik eta adostasun politiko sozial eta instituzional handiena behar da, herri akordio bat", aldarrikatu du, Jaurlaritzari hori lortzeko "bitartekoak eta mekanismoak" aurkeztu ditzala eskatuz.

Hamar urte Lurralde Plan Sektorialik gabe

EH Bilduk eta parke eolikoen aurkako mugimenduak gogorarazi dutenez, 2009an Eusko Legebiltzarrak berak eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala eguneratzeko eta, bitartean, aurreikusitako zentral eoliko guztiak geldiarazteko.

Oraingoz ez da plan hori eguneratu, eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari da. Hortaz, EH Bilduk kritikatu du une honetan "inolako proiekturik" martxan jartzea. Gainera, energia berriztagarrien garapenerako Araban indarrean dagoen Mugarri Planak berak baztertzen du eremu horietan parke eolikoak instalatzeko aukera.

"Agerikoa da erronka itzela dela, kontsumoa jaitsi behar dugula, erregai fosilen beherakada bultzatu behar dugula eta berriztagarrien hedapen bat abian jarri behar dugula, baina Eusko Jaurlaritza gaizki ari da eta adostasuna bilatzen ez badu talka batean amaituko du honek", ohartarazi du Oterok.

Erlazionatuak

Galtzen dena ez da gogoratzen

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Mendiak Aske plataforma 2021 mar 17 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide