Iritzia

Galtzen dena ez da gogoratzen

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Mendiak Aske plataforma 2021ko mar. 17a, 10:41

Arabako Mendiak Aske plataformaren elkarretaratzea, otsailean. / ALEA

"Gauzak beste era batera egin daitezke. Eraginkortasunean oinarritutako energia eredu berriztagarria eta deszentralizatua egingarria da, bokazio sozialarekin eta gure natura ondarea suntsitu gabe".

Arabako Mendiak Aske euskal mendien industrializazioa geldiaraztea lortzeko sortutako elkarte herrikoia da; prozesu hori zentral eoliko onartezinen instalazioarekin eta energia sortzeko zein kudeatzeko eredu neoliberal zaharkitua jarraituz egiten ari da.

Ondorioz, Arabako Mendiak Askek exijitzen du abian diren zentral eolikoen izapideak berehala eta erabat geldiaraztea, eta gure mendiak zeregin horretarako bazterketa-eremu izendatzea.

"Arabako Mendiak Askek exijitzen du abian diren zentral eolikoen izapideak berehala eta erabat geldiaraztea"

Elkarte honek, bere bokazioagatik, gure inguruko hainbat kargu publikodunek berriki egindako adierazpenei erantzun behar die.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da orain dela hamar urte Eusko Legebiltzarrak baztertu egin zituela mahai gainean jarritako kokalekuak, baztertu egin zuela Energia Eolikoaren lehen Lurralde Plan Sektorial hura (LPS), eta gobernu-organo eskudunari eskatu ziola beste plan bat egiteko eta izapidetzeko.

Izan ere, LPSrik gabe eta dagokion izapiderik gabe inpaktuaren ebaluazioa eta bere osotasunean onartzea barne, ezin dira planteatu zentral eolikoen kokapenak. Beraz, herritarrak engainatzen ari dira lurraldea antolatzeko ezinbesteko tresna hori dagoela ziurtatzen denean. Hori gezur oso larria eta onartezina da, eta, gainera, Lurralde Antolamenduaren legeria eta lotutako izapideak urratzea da.

"Lurralde Plan Sektorialik gabe, ezin dira planteatu zentral eolikoen kokapenak"

Nahitaezko plan berri horrek, gainera, bat etorri beharko luke Lurraldearen Antolamendurako azken gidalerroen bokazioarekin eta artikuluekin; gidalerro horiek aurrekoak baino askoz zorrotzagoak ziren ingurumen-babesaren arloan. Hala da, adibidez, duela hamarkada bat atzera botatako proiektuen tipologiarekin errespetatu ezingo litzatekeen Azpiegitura Berdea kontzeptuaren bidez.

Adibide gisa, aipatzekoa da Ordunte: kokalekuak ingurumen-inpaktuaren tramitazioa osatu zuen, eta kalkulatutako ingurumen-inpaktua Araban orain aukeratutakoetan baino askoz txikiagoa zen; hala ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzaren Ingurumen Eraginaren Adierazpena erabakigarria izan zen kokalekua bertan behera geratzeko.

Beste ahots batzuek diote posible dela mendietan zentral eolikoak jartzea inpaktu onargarriarekin. Beren iritziaren arabera, nahikoa da eremu babestuei ez eragitea; adibidez, Natura 2000 Sarean daudenei, katalogatutakoen artean ahulenak baitira, babesari dagokionez. Hau falazia ikaragarria da. Gogorarazi behar da joko horretan sartuta daudela, halaber, KBE eremuak, HBBE eremuak eta hegazti nekrofagoak babesteko eremuak, eta, definizioz, ezin direla zentral eolikoak eraiki. Mendiaren erabilerek ezin dute eragin haren industrializazioa. Multzoa da funtsezkoena, ez bakarrik babesa duten espazioak; faunak eta florak ez baitakite muga administratiboei buruz.

"Defendaezina da zentral eoliko baten ustezko onurak alderatzea txikituko duen ekosistemaren onurekin"

Defendaezina da zentral eoliko baten ustezko onurak alderatzea txikituko duen ekosistemaren onurekin. Ez ekonomian, ez gizartean, ez ingurumenean. Ez gaitzatela engainatu. Ekosistema oso bat baino hoberik ez dago klima aldaketaren aurka borrokatzeko.

Bidegabekeria horien sustatzaile politikoek ez dakite zer garrantzi duten espazio horiek (eta, beraz, ez dute jarduteko gaitasunik), edo, bestela, burugogorkeria jasanezina erakusten dute.

Era berean, itxuragabekeria da herriak astakeria horiek onartzen dituela esatea. Frogatuko dugu ez dela horrela. Izan ere, duela hamarkada bat egin genuen, eta gizartearen gaitzespena faktore erabakigarria izan zen prozesua geldiarazteko. Beraz, landa eremuko zein hiru eremuko herritarrei dei egiten diegu, benetan onar eta defenda dezaten gure arbasoengandik jasotako herri-lurren balio ikaragarria.

"Duela hamarkada bat, gizartearen gaitzespena faktore erabakigarria izan zen prozesua geldiarazteko"

Onartezina da pribatizazioa, eta larriki iraintzen du. Altxor ukaezinez hornitzen eta babesten gaituzten eremuak dira: biotopoak, paisaiak, geologia, hidrologia, fauna, flora, mota guztietako baliabideak eta honaino ekarri gaituen kultura jasangarri bati lotutako antzinako erabilerak. Ez dugu ahaztu behar galtzen dena jada ez dela gogoratzen.

Halaber, ingurumen-inpaktuaren prozedurak ebatziko dituzten erakundeetako ingurumen-sailetako teknikarien profesionaltasuna eskatzen dugu; izapideen funtzionamendu egokia zaindu behar dute.

Irizpide teknikoa, ziurrenik dinamika horren kontrakoa, diskurtso eta erabaki politikoak guztien gainetik jartzen dituzten enpresa elektriko handien neurrigabeko anbizioari gailendu behar zaio. Funtsezkoak zarete interes soziala nagusi izan dadin. Aski da propaganda suntsitzaileaz eta egitate burutuen politikaz.

"Irizpide teknikoa enpresa elektriko handien neurrigabeko anbizioari gailendu behar zaio"

Gauzak beste era batera egin daitezke. Eraginkortasunean oinarritutako energia eredu berriztagarria eta deszentralizatua egingarria da, bokazio sozialarekin eta gure natura ondarea suntsitu gabe.

Hor dago, adibidez, Arabako Foru Aldundiaren Energia Berriztagarrien Mugarri Plana. Zergatik ez da eguneratzen, bere kontzeptua Euskadi osorako orokortzen eta martxan jartzen?

Benetako aurrerapena eta biziraupena bakarrik izango da posible natura birsortzen badugu, eta ez haren suntsiketa sistematikoaren bidez. Lege naturalak onartzeko garaia da: ezein organismo edo sistema ezin da infinituraino hazi. Gu eta gurea ere ez.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago