Eusko Jaurlaritzak epaitegietara joko du Armentia-2 putzuan gasa zundatu ahal izateko

Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 10:47
Berriztu mugimenduaren mobilizazio bat, gas putzuen aurka. / BERRIZTU

Gasteizko Udalaren ukapen teknikoaren ostean, eta EAJ izan ezik Arabako talde politiko guztien gaitzespenarekin, Eusko Jaurlaritzak epaitegietara joko du, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa esploratu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak ez dio uko egin nahi Gasteizko Armentia-2 putzuak gasa ustiatzeko eskaintzen dion aukerari. Arantxa Tapia (EAJ) buru duen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak justiziara jotzea erabaki du, Gasteizko Udala zundaketarako lizentzia ematera behartzeko, El Correo egunkariak argitaratu duenez.

Izan ere, trantsizio energetikorako bere estrategiaren barruan kokatzen du, baina, oraingoz, Arabako erakundeetan topatu dituen oztopoek atea itxi diote 20 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko lukeen proiektuari: Batzar Nagusiek gehiengoz uko egin diote —PSE barne—, eta Gasteizko Udalak gas zundaketa egiteko baimena ukatu du, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin (HAPO) bat ez datorrelako.

Helegitea "berehala" aurkeztuko dute epaitegietan, eta Subilla Gasteizen hidrokarburoen zundaketa debekatzen duen hirigintza araudia saihestu nahi du. Izan ere, horretarako epea datorren astean amaituko da.

Gorka Urtaran alkateak ziurtatu zuen "sutsuki" defendatuko zuela Udalaren hirigintza araudia, eta "Gasteizko interes gorena edozein erakunderen aurrean" jarriko zuela, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren energia planarekin "guztiz bat" etorri. Datozen hilabeteetan, beraz, auzitegiek ebatzi beharko dute administrazioen arteko talka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide