Gasteizko Udalak Armentia-2 putzuan gas zundaketa egiteko baimena ukatu du

Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 17:20
Armentia-2 putzuaren gas zundaketaren aurkako mobilizazioa Gasteizen. / BERRIZTU

Udal teknikarien arabera, SHESA hidrokarburoen sozietatearen eskaera ez dator bat Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin (HAPO), eta, beraz, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen aztertzeko lizentzia eskaera ukatu du Gasteizko Udalak.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek astearte honetan iragarri duenez, Udalak ez du onartu SHESA elkarteak Armentia-2 putzuan gasa esploratzeko proiektua gauzatzeko eskatutako lizentzia.

Izan ere, udal teknikarien txostenaren arabera, eskaera ez dator bat udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin (HAPO), eta, ondorioz, gisa horretako proiektu bat gauzatzea debekatuta dago Gasteizen.

Duela bi hilabete eskatu zion SHESAk Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa lizentzia hori Gasteizko Udalari, lurpean gas erreserbak ote dauden ikertzeko teknika konbentzionalen bidez. Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ingurumen baimena eman zion, baina Udalak egiaztatu du eskaera hori ez dela bateragarria Gasteizen indarrean dagoen hirigintza planean aurreikusitako erabilerekin.

Gasteizko Udalak erabakiaren berri eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta aurreratu du ez duela, oraingoz, gasa esploratzeko lizentzia eskaera gehiagorik mahai gainean.

Aurrekontuen negoziazioa

Abenduan, 2021erako aurrekontu proiektua aurkeztu berri du Gasteizko Udalak, eta, Elkarrekin udal taldeak baldintza gisa jarri du Armentia-2ko proiektua bertan behera uztea, aurrekontuak babesteko. Horrela, beraz, zabalik geratzen da udalerriko aurrekontuak gehiengo absolutuarekin aurrera ateratzeko aukera, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Gasteizek bat egiten badute.

Azken asteetan, EAJ bakarrik geratu da Subilla Gasteizko gas zundaketaren defentsan. Alderdi guztiek proiektua baztertu dute Batzar Nagusietan, eta asteazken honetan antzeko mozio bat eztabaidatzekoa zen Gasteizko Udalean.

Adierazpenak

Gorka Urtaranek defendatu du "Gasteizen interes orokorra guztiaren gainetik" dagoela: "Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko; ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik nire hiriko alkatea naiz, eta hiria defendatzeko nago hemen", adierazi du.

Equo Berdeak taldearen ustez, lizentzia ukatzea erabaki "arduratsua eta koherentea" da, baina Eusko Jaurlaritzari eta Urtaran alkateari "gasari behin betiko uko egiteko" eskatu die. Gasteizko aurrekontuen "negoziazioa blokeatzen zuen oztopoa" gainditutzat eman du, eta, horregatik, "egoerak eskatzen duen mailan dauden aurrekontuak" lortzeko negoziazioei ekingo diela iragarri du.

Bestalde, EH Bilduk EAJri exijitu dio "entzun dezala gehiengo sozial eta politikoa, eta alde batera utz ditzala behingoagatik Araban gasa ustiatzeko anbizioak; argi esan behar da lizentzia ukatzeko erabakia ez dela Urtaranen oparia izan, Gasteizko gehiengo sozial eta politiko batek urteetan egindako lanari zor zaio".

Berriztuk "albiste ona" dela adierazi du: "Gas proiektu horren aurka agertu diren pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu, eta, batez ere, frackingaren aurkako borroka benetako herri oihu bihurtzea lortu zutenak".

Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak adierazi du ez duela nahi hidrokarburoak ustiatzeko edota ikertzeko baimenik, eta "uko hori Subillako lursailean ez ezik, Gasteizko udalerri osoan eta gainerako lurraldeetan ere zabal dadila" eskatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide