Arabako ardoa sustatzeko webgunea: 360.000 euro, 16 upategi eta bi hilabeteko atzerapena

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 11:41
Webgunea ingelesez eta gaztelaniaz baino ez dago. / THE GRAND WINES

Aldundiak The Grand Wines enpresarekin 360.000 euroko babes-kontratu bat "atzamarrez" eta lehiaketa publikorik gabe onartu zuela salatu zuen EH Bilduk. Webgunea orain iritsi da, bi hilabeteko atzerapenarekin, gabezia ugarirekin eta euskarazko edukirik gabe.

2020ko maiatzean, pandemiaren lehen hilabeteetan, Arabako Foru Aldundiak A Plana jarri zuen martxan; 29 milioi euro bideratu zituen pandemia osteko ekonomia suspertzeko. Besteak beste, mahastizaintza eta ardogintza sektoreari laguntzeko hainbat neurri proposatu zituen: horietako bat plataforma digital bat sortzea zen, Arabako Errioxako ardoa sustatzeko eta saltzeko.

Hilabete batzuk beranduago, polemika piztu zen: abuztuan The Grand Wines enpresarekin sinatutako 360.000 euroko babes-kontratua "atzamarrez" eta lehiaketa publikorik gabe onartu zela salatu zuen EH Bilduk. Eduardo Aginako Nekazaritza saileko foru diputatuaren agerraldia eskatu zuten, eta honek ziurtatu zuen lehiaketa publikorik ez zela eman "konpetentzia posiblerik ez" zegoelako.

Esleipena hain azkar gauzatu izanaren helburua Gabonetako kanpaina zen, Arabako upategiei laguntzeko. Hala ere, kontratua sinatu zenetik sei hilabete baino gehiago pasa direnean iritsi da particular.raoriginal.eus webgunea, otsailean; ikus daitekeenez, gainera, online marketinaren ikuspegitik, webgunea ez da oso egokia buruz ikasteko edo bilatzaileetan kokatzeko.

"Foru diputatuari berriro azalpenak eskatu dizkiogunean, azkenean, prest dago online denda", azaldu du Arabako EH Bilduko batzarkide Eva Lopez de Arroyabek Twitterreko hari batean; bertan birpasatu ditu auziaren nondik norakoak.

Webgunea ingelesez, baina ez euskaraz

The Grand Wines Javier Ruiz de Galarretaren Araex taldeari lotutako enpresa da. Hain zuzen ere, webgunean topatu daitekeena honakoa da: 16 upategiren 21 marka; horietako sei upategi Araex taldekoak dira, eta, beraz, Araex taldekoak ez diren hamar upategi baino ez daude. Araban 237 upategi inguru daude. Gainera, webgunea ingelesez eta gaztelaniaz dago, baina ez euskaraz.

Bitartean, diru publikorik gabe ABRA elkarteak martxan jarritako beste webgune batek, Alava Wines atariak, Arabako Errioxako 37 upategi jasotzen ditu.

"Klientelismoa"

Lopez de Arroyabek gogorarazi duenez, kontratu honetako 360.000 euro horiez gain, Araexek 6,3 milioi euroko diru laguntzak jaso ditu azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzatik. "EH Bilduk ez du zorroztasun falta hori onartuko, ez klientelismorik, ezta horrelako praktikarik ere. Arabako Errioxako mahastizainek eta upategi txikiek, hain gaizki pasatzen ari direnek, gardentasuna eta babes osoa merezi dute", adierazi du batzarkideak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide