Asteazken honetan, Arabako Ekonomia Suspertzeko PlanÁ aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak, ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek aurkeztutako agerraldian: "Kontsumo erabaki bakoitzak zuzeneko eragina izango du gure lurraldeko osasun ekonomikoan", adierazi du, eta ekonomia "Arabatik eta Arabarentzat" eraikitzeko beharra azpimarratu du.
Aldundiak 29 milioi euro mugiaraziko ditu: 18,3 zuzenean eta beste 10,7 zeharka. Horrez gain, Arabako Ogasunak beste 248,5 milioi euro txertatuko ditu zerga neurrien bitartez: besteak beste, zergen atzerapena, zergak arintzea eta beste neurri ekonomiko batzuk.
Guztira 50 neurri jasotzen ditu ekonomia suspertzeko planak, eta tartean daude, besteak beste, ekintza ekonomikoak, zergen arlokoak, finantzetakoak eta kontsumoa sustatzeko neurriak.
Tokiko kontsumoa
Estrategia "sektore guztien aliantzetan eta parte-hartzean" oinarritu du Aldundiak; eta tokiko kontsumoa krisitik ateratzeko "gako nagusia" dela azpimarratu du ahaldun nagusiak: "Gure lurraldean sinesteko garaia da, haren potentzialean, haren taberna eta saltokietan, haren baliabide turistiko eta kulturaletan, gure auzoko dendan, gure herrian... Arabaren alde egiteko garaia da".
"Orain, beste inoiz baino gehiago, garrantzitsua da Arabako Errioxako ardo bat edo Aiarako txakolin bat eskatzea gure auzoko tabernan, Arabako landa turismo batean gordetzea gure oporretarako lekua, eta gure herriko dendetara joatea eta haietan Arabako patata erostea", azaldu du Ramiro Gonzalezek.
60 milioi euro inbertsioetarako
Gainera, iragarri du inbertsioak egiten jarraituko dutela, eta horretarako 60 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak. Hala ere, ziurtatu du dirubilketaren jaitsiera nabarmenak (%20koa, aurreikuspenen arabera) ez duela lurraldearen politika sozialetan eragingo, eta laguntza programak eta gizarte politikak "lehen planoan" jarriko dituzte.
10 bloke, 50 neurri
50 neurri jasotzen dituen plan ekonomikoa 10 bloketan banatu dute, xede komun batekin: "Enplegua mantentzea lurraldearen sektore ekonomiko guztietan, batez ere krisialdiak gehien kaltetu dituenetan".
Neurri horiek laburbildu ditugu ALEAn:
1. ETEak eta autonomoak: 11.475.000 euro
Likidezia errazteko neurriak eta laguntzak:
-
- Alokairuaren ordainketa atzeratzea Araba Garapen Agentziaren industrialdeetan kokatutako enpresei.
- Maileguen gabealdiak finantzatzea.
- Sorkuntzarako kultura industriei laguntzea.
- Araba Berritzaile 2020ko programa indartzea.
- Interes tasetarako laguntza.
- ETEak digitalizatzeko laguntzak (Araba Berritzaile Digitala programa berria).
- Abalen programa Elkargirekin: merkataritza, ostalaritza, kultura eta sormen industriako sektoreak, autonomoak eta mikroenpresak eta nekazaritzako elikagaien sektorea eta izaera sozialeko jarduerak.
- %30eko konturako aurrerakinak Ekin Araban 2020ko deialdian onartutako proiektuentzat.
2. Enplegua sustatzea
Enplegua berreskuratzera bideratutako zuzeneko ekintzak jasotzen ditu planak:
-
- Kontratazioa sustatzeko laguntzak: kontratazio mugagabea, emakumeak eta 45 urtetik gorako pertsonak.
- Enplegua sortzeagatik kenkari fiskalaren gehikuntza.
3. Etxebizitzak berritzea
Etxebizitzen birgaitze, obra eta berritzeak errazteko ekintzak jasotzen ditu, bi helbururekin: Arabako etxeak eta haien bizi kalitatea hobetzea, eta autonomoen eta sektoreko enpresen jarduera suspertzea. Etxebizitzak berritzeko eta haien iraunkortasuna bermatzeko onura fiskalak:
-
- Eraikuntzaren sektorea sustatzea: etxebizitzak eta komunitateak eraberritzeko inbertsioetan zerga arintzeak.
- Mugikortasun elektrikoa sustatzea: tratamendu fiskala hobetuko da garaje partikularretan eta bizilagunen komunitateetan karga instalazioak eraberritzeko.
4. Mezenasgoa eta elkartasuna
Zerga abantailak egongo dira partikularren eta enpresen dohaintzetarako, krisialdiak gehien kaltetutako sektoreetan eragindako ondorioak arintzeko: arlo soziosanitarioan, kulturalean, ingurumenean, zientifikoan eta kirolean.
-
- Mezenasgo sozio-sanitarioa, kulturala, kirolekoa eta soziala sustatzeko: tratamendu fiskala hobetuko da.
5. Tokiko kontsumoa: 718.000 euro
Arabako merkataritzarako zuzeneko laguntzak onetsiko ditu Aldundiak, konfinamenduaren ondoriozko jarduera ezak eragindako kalteak arintzeko:
-
- Kontsumorako bonuak.
- Dirulaguntza zuzenak ireki ezin izan duten saltokientzat, jarduera gastuetarako eta digitalizazio zein segurtasun inbertsioetarako.
- Tokiko kontsumoa bultzatzeko kanpaina.
- Saltegientzako prestakuntza digitaleko plana.
Guztira, foru erakundeak 718.000 euro inbertituko ditu, baina horrek 1,6 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortuko duela aurreikusten du.
6. Barruko turismoa: 1.527.000 euro
Lurraldea ezagutzeko eta barruko turismoa sustatzeko neurriak jaso ditu planak:
-
- Turismoko bonuak.
- Dirulaguntza zuzenak tokiko erakunde, elkarte, irabazteko xederik gabeko entitate eta enpresentzat.
- Turismoa bultzatzeko ekitaldiak eta materiala.
- Barne turismoa bultzatzeko kanpaina.
Guztira, foru erakundeak 1.527.000 euro inbertituko ditu, baina turismoaren sektorean 2.427.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortuko duela aurreikusten du.
7. Arabako produktuak sustatzea: 1.665.000 euro
Arabako lehen sektorea "lehentasunezkoa" da planean, eta garrantzi berezia izango du mahastizaintza eta ardogintza sektoreak; halaber, kontsumoa suspertzea bilatuko du Aldundiak:
-
- Arabako ardoak eta sagardoak sustatzeko ekintzak eta ekitaldiak.
- Ardo stockaren salmentak ziurtatzea epe luzeko kobrantzako salmenten bidez: finantzaketa laguntzak HORECA kanalaren bidez ardoak erosteko.
- Marketplace plataforma Arabako Errioxako ardoa saltzeko.
- Arabako ardi eta ahuntz azienden ustiategientzako laguntzak.
- Laguntzak laborantza estentsiborako.
- Nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleei 2021eko PFEZan konpentsatzea, 2020ko nekazaritzako errenta murrizteagatik.
- SAECArekiko hitzarmena zabaltzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien finantzaketa errazteko.
- Elikaraba: Arabako elikagaiak erosteko bonuak.
Guztira, foru erakundeak 1.665.000 euro inbertituko ditu, baina Arabako lehen sektorean 10.565.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortuko duela aurreikusten du.
8. Jasangarritasuna: 1.000.000 euro
Osasun krisialditik ingurumen jasangarritasuneko proiektuetan inbertsioak eginez ateratzea nahi du Aldundiak. Horretarako, ekonomia zirkularra eta energia berriztagarriak "gako" izango dira planean:
-
- Aurreproiektuak: konpostaje planta berri bat eta tamaina handiko hondakinen planta berri bat eraikitzeko.
- Proiektu berriak energia berriztagarriak sustatzeko.
- Energia ekoizpen berriztagarriaren eta autohorniduraren gaitasunari buruzko azterlana.
9. Sorkuntza, kultura eta kirola: 1.000.000 euro
Kulturaren sektorea krisialdiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat da, eta, horregatik, suspertze planak milioi bat euroko inbertsioa aurreikusi du sorkuntza eta kultura babestu eta suspertzeko:
-
- Jarduerari utzi dioten kultura-enpresen eta sektoreko autonomoen gastu arrunterako dirulaguntzak.
- Enpresen, autonomoen eta toki erakundeen ekipamenduetan inbertsioak egiteko laguntza lerroa.
- Kultura proiektuak eta ekitaldiak berriz diseinatzeko laguntzak: musika eta arte eszenikoen kanpoko ekitaldiak muntatzeko eta ekoizteko azpiegiturak.
- Kultura bonuak eta funts ekonomikoa kultura eta sormen proiektuen mezenasgo pribatuaren kofinantzaketa publikorako.
- Kirol-taldeen enpleguari eta kalitateari eusteko eta kirol ekitaldiak antolatzeko laguntzak.
- Osasun errealitateaz kontzientziatzeko kanpaina, gazteei zuzenduta; eta nerabeen arteko harremanaren programa interaktiboa.
10. Zerga neurriak: 248.500.000 euro
Ordainketak atzeratuko dira, eta enpresen zerga betebeharrak murriztu egingo dira, baita Arabako familienak ere. Krisialdiaren hasieran hartutako neurrien ondorioz, 203 milioi euro inguruko aurrerakina egongo da:
-
- BEZaren eta PFEZaren hileko aitorpenak ekainera atzeratzea.
- BEZaren hiruhilekoko eta lan atxikipenen aitorpenak aurkezteko epea ekainera arte luzatzea; eta autonomoen PFEZren 2020ko lehen seihilekoari dagozkion zatikako ordainketak baliogabetzea.
- Errentaren kanpaina aurkezteko epea urriaren amaierara arte luzatzea.
- Errentaren kanpainaren ordainketa osoa egiteko epea azarora atzeratzea.
- Zerga prozeduren izapidetzea etetea ekainera arte: informazio aitorpenak, erantzunak, berandutze interesak...
- Zerga prozedurak ofizioz eta alderdi batek eskatuta hasteko epeak etetea edo luzatzea.
- 2020ko ekainaren 1era arte likidatutako autonomoen, mikro eta enpresa txikien zerga zorren salbuespenezko zatikapena, bermerik eta berandutze interesik gabe.
- Alarma egoeraren aurretik emandako apirileko geroratzeen eta zatikapenen ordainketa geroratzea.