Ardogintza sustatzeko kontratu bat "atzamarrez" esleitzea leporatu diote Aldundiari

Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 13:15
The Grand Wines premium ardoak online saltzen dituen enpresa da. / THE GRAND WINES

EH Bilduk salatu du Aldundiaren Nekazaritza Sailak The Grand Wines enpresarekin 360.000 euroko babes-kontratu bat "atzamarrez" eta lehiaketa publikorik gabe onartu duela.

Astearte honetan egindako agerraldian, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko batzarkide eta bozeramaileak kritikatu du Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak The Grand Wines enpresarekin onartutako babes-kontratua "atzamarrez" esleitu dela, "modu nominatiboan eta arrazoi teknikoengatik lehiarik ez" dagoela argudiatuta.

Gainera, bozeramaileak azaldu duenez, Arabako ardogintzaren sektorea sustatzeko gobernu akordioaren bidezko aurrekontu-partida 360.000 eurokoa izango da.

Uztaileko Nekazaritza Batzordean Eduardo Aginako Foru Diputatuak "upategi txiki eta familiarren gehiengoa ordezkatzen duen talde baten" beste eskaera bat bazegoela onartu zuela gogorarazi du EH Bilduk: ABRA. "Sailak, gainera, onartu zuen plataforma hori kontuan hartuko zuela eta babestu egingo zuela; azkenean, ez dute euren hitza bete", salatu du Fernandez de Pinedo.

Sektoreak "neurri zehatzak eta gardenak" behar dituela deritzote subiranistek, "sektore osoari zuzenduak eta ez gutxi batzuei bakarrik". Zentzu horretan, lehiaketa publikorik gabeko kontratu bat sinatzea "onartezina" dela azpimarratu du bozeramaileak, ezaugarri bereko beste proiektu bat bazegoelako.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabako bozeramailearen agerraldia. / EH BILDU

 

Agerraldi eskaera eta diru laguntzak

Eduardo Aginako Nekazaritza diputatuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, kontratuaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, kontratuari lotutako espediente guztien kopia eskatu dute, zerbitzu juridikoek kontratu hori "zehatz-mehatz" azter dezaten.

Azkenik, atzeratutako diru laguntzei dagokienez, ardogintzaren sektorearekiko "baldintzarik gabeko babesa" eskatu diote subiranistek Aldundiari. Izan ere, azken foru aurrekontuan, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea bultzatzeko laguntza ugari daudela gogorarazi dute: besteak beste, Ardoaren Kulturaren Aldeko Fundazioa, Arabako Errioxaren Posizionamendu Plana, Great Wine Capitals nazioartekotzea edota Ardoaren Bikaintasun Zentroa.

Egitasmo horien aurrekontuek 638.000 euro batzen dituzte, baina EH Bilduk deitoratu du kopuru hori ez dela sektoreko gehiengora iristen, eta, bitartean, "familia eta uzta upategien jarioak" aurrera jarraitzen duela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide