Goizeko lehenengo orduan hasi dira txertoaren lehenengo dosiak jartzen Ertzaintzaren Erandioko, Oiartzungo eta Arkautiko egoitzetan. Lehenengo fase batean, 4.508 ertzaini jarriko dietetxertoa. 7.350 agentek osatutako Ertzaintzaren plantillaren %60 inguru da.
Segurtasun Sailaren arabera, pertsona horiek "Covid-19a kutsatzeko arriskuaren lehen lerroan lan egiten dute". Trafikoko, Herritarren Babeseko, Brigada Mugikorreko eta Zaintza eta Erreskateko unitateak dira. Segurtasun Sailak azaldu duenez, "kalean lan egiten" duten agenteak dira, "herritarrekin etengabe elkar eragiten".
Hiru talde
Talde horien barruan, 55 urtetik beherako 3.280 ertzain daude, eta horiek AstraZenecaren txertoa hartuko dute; hain zuzen ere, adin-tarte horretarako gomendatuta dagoen txertoa.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, egunean 300 edo 400 txerto jarri ahal izango dituzte, eta, beraz, aurreikuspenak betetzen badira, datozen bi edo hiru asteetan burutuko da lehenengo fasea.
Hurrengo taldeak Genero eta Etxeko Indarkeria ataleko eta Ikerketako eta Polizia Judizialeko talde eta zerbitzuetakoak dira; talde horietako 996 ertzain daude adierazitako adin-tartean.
Azkenik, hirugarren taldea unitate espezifikoagoetako 232 ertzainek osatzen dute. Txertaketa prozesuaren lehenengo fasea —bi dosiak kontuan hartuta— 10-12 asteko epean burutzea espero du Segurtasun Sailak.
Adinekoak eta osasun langileak
Azken egunetan txertaketa prozesuaren inguruko kritikak ugaritu egin dira EAEn. Ezagutu denez, besteak beste, azpikontratatutako osasun-garraioko langileek txertoa jaso gabe jarraitzen dute, Osakidetzako langileen txertaketa behar baino motelago doa hornidura arazoen ondorioz, eta, bitartean, Osakidetzak txertoa jarri die Aguraingo mojei, osasun langile askori baino lehenago.
Bestalde, txertaketa dagoeneko burutu da Arabako egoitzetan. Hala ere, Espainiako Gobernuak ezarritako protokoloaren arabera, poliziaren txertaketa hasi aurretik 80 urtetik gorako pertsonei jarri behar zaie txertoa —datorren astean hasiko dira, horniduraren arabera—, eta osasun langileen txertaketa amaitu behar da.
Oraingoz hori ez da gertatu, baina Ertzaintzaren txertaketa hasi da, protokoloa jarraitu gabe.