Anbulantzietako 1.500 langile baino gehiagori oraindik ez diete Covidaren kontrako txertoa jarri Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta euren txanda noiz izango den ere ez diete argitu. Hala salatu du aste honetan Arabako anbulantzien LABeko ordezkari Resuk ALEA FM saioan. Osakidetzak azpikontratatutako enpresetako langileek euren haserrea agertu dute, eta egoera salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte; hilaren 23an izango dira Araban.
"Publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa egin dute. Osakidetzak ez gaitu zerbitzu publiko modura hartzen, eta, beraz, txertoa hartu gabe jarraitzen dugu", salatu du Resuk. Euren lana egiten duten Osakidetzako profesionalek, berriz, txertoa jaso dutela gogoratu du. "Langileen artean sentsazioa da ez gaituztela kontuan hartzen; baina ez da txertoen afera bakarrik, atzetik datorren arazoa da".
Hainbat zalapartaren ostean, "lehentasuna" duten profesionalen artean sartu zituzten anbulantzietako langileak, osasun arloko beste profesionalekin batera txertoa hartu ahal izateko. "Abisua eman zigutenetik hiru aste pasa dira, eta zain jarraitzen dugu; eta are okerragoa dena, aurreikuspenik gabe", esan du LABeko ordezkariak. "Asteartean jakinarazi ziguten oraindik ez dakitela noiz izango den, protokolorik ez dutela".
Gaur egun bi anbulantzia arduratzen dira lurraldean Covida duten gaixoekin, alegia konfirmatutako positiboak eta kontaktu zuzena izan dutenak ospitalera eramateaz. "Baina, horiekin batera, beste 16 anbulantzia daude Araban zehar eguneroko lana egiten, Covida izan dezaketen pazienteak eramaten", nabarmendu du. Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietan 170 langile daude egun Araban, langile guztien %90, eta birusarekin kutsatzeko aukera handiak direla azpimarratu du. "Hau ez da joko bat. Gure lankideak babesteko eskatzen dugu, baina gogoratu behar da hau ez dela gure arazo bat bakarrik, baita gurekin doazen paziente guztiena ere. Denon arazo bat da hau".
Bien bitartean, eguneroko lanean Covid-arekin hainbesteko harremanik ez duten langileak txertatzen hasi direla salatu dute anbulantzietakoek. "Asteazkenean ziren hastekoak ertzainekin, eta guk zain jarraitzen dugu".
ELA sindikatutik ere egoera salatu dute, eta Osasun sailari "errespetua eta berdintasunezko tratua" eskatu diote. "Ez da anbulantzietako azpikontratatutako langileak abandonatuta eta Osasun sailak baztertuta uzten dituen lehen aldia. Baina ez dugu administrazioaren jokabide hori onartuko; osasun langileak babestea exijitzen dugu. Adi mobilizazioei".