EUDELek astearte honetan jakinarazi duenez, Osasun Saila dagoeneko ari da hurrengo kolektiboen txertaketa prestatzen: udaltzainak eta etxez Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko (ELZ) langileak. Horretarako, Gorka Urtaran elkarteburuak gutun bat bidali die EAEko udalerrietako alkate guztiei laguntza eske, Osakidetzaren txertaketa prozesuan sartuko diren funtsezko udal zerbitzuetako bi kolektibo horiei buruzko datuak jasotzeko.
Udalek otsailaren 22ra arteko epea dute 55 urte edo gutxiagoko profesionalei buruzko informazioa bidaltzeko; horiek Astra Zenecaren lehen dosia jasoko dute. 55 urtetik gorakoei, berriz, Pfizer txertoa jarriko zaie. Ondoren, Osasun Sailak zuzenean jakinaraziko die aipatutako kolektiboei noiz hasiko den txertaketa, txertoen eskuragarritasunaren arabera eta Osakidetzako zerbitzuen bidez.
Bi kolektiboetako kideei Osakidetzako txertaketa-taldeetako kideek jarriko dizkiete txertoak udalerri guztietan, hiru hiriburuetan izan ezik. Izan ere, udalen laneko prebentzio-zerbitzuko kideek txertatuko dituzte hiriburuetako udaltzainak eta suhiltzaileak.
6.500 txerto
EUDELen datuen arabera, EAEko udaltzainen plantilla 3.300 agentek osatzen dute, gutxi gorabehera. Guztira, 81 udalerrik dute Udaltzaingoa, eta beste 16 udalerritan udaltzain-zerbitzua daukate.
ELZko langileei dagokienez, kolektiboa 3.200 profesional ingurukoa da, eta hiru lurraldeetako udalerri guztiak hartzen ditu.
Kritikak txertaketa prozesuari
Azken egunetan txertaketaren inguruko kritikak ugaritu egin dira. Araban ezagutu denez, besteak beste, azpikontratatutako osasun-garraioko langileek txertoa jaso gabe jarraitzen dute, Osakidetzako langileen txertaketa behar baino motelago doa hornidura arazoen ondorioz, eta, bitartean, Osakidetzak txertoa jarri die Aguraingo mojei, osasun langile askori baino lehenago.