Ankerkeriari STOP

Zelaia eta Barbadoren askatasuna eskatu dute Euskal Herrian zehar

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 11:55

Ehunka herritarrek Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren askatasuna eskatu dute asteburu honetan, ANkerkeriari STOP herri ekimenak Gasteizen, Amurrion eta Euskal Herri osoan zehar deitutako mobilizazio zein ekimenetan.

Joan den asteartean ezagutu genuen Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren aurkako epaiketaren sententzia. Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri die bi gazte arabarrei, "helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea" egotzita.

"Berretsi da injustizia. Beste behin ere, haien kontakizunera kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak", baloratu du ANkerkeriari Stop herri ekimenak.

Bi urte igaro dira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Eta hamabi egun Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa amaitu zenetik. "Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea; ordea, ez da hemen amaitzen", ohartarazi du ANkerkeriari Stopek.

"Bidegabekeria onartezin" eta "auzi anakroniko" gisa definitu duten epaiaren aurrean, eskura dituzten "bide guztiak agortu arte" jarraituko dutela iragarri dute: eremu judizialean epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dute defentsek; horrekin batera, "elkartasuna, babesa eta salaketa" Euskal Herriko kaleetara eraman dituzte asteburu honetan, eta baita aurrerantzean ere.

"Ankerkeriari ateak ixteko unea" dela azpimarratu du ANkerkeriari Stop ekimenak, eta, horretarako, auzia ezagutzera emateko eta gizarteratzeko kanpaina indartuko dute egunotan; "ahalik eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehien" bildu nahi dituzte epaiaren kontra.

Gasteizko manifestazioa

Bideoa: Hala Bedi

 

Mobilizazioak Aiaraldean

Bideoa: Aiaraldea.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide