ANkerkeriari STOP

Zelaia eta Barbadoren askatasunaren aldeko moblizazioak deitu dituzte

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 17:47

ANkerkeriari STOP ekimenak mobilizazioak deitu ditu larunbaterako, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei lau urteko espetxe zigorra ezarri dien epaia salatzeko. 18:00etan manifestazioak egingo dira Amurrion eta Gasteizen; 12:00etan elkartasun ekimenak, herriz herri.

Astearte honetan ezagutu genuen Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren aurkako epaiketaren sententzia. Bi urte igaro dira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an; eta bi aste Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa hasi zenetik.

"Berretsi da injustizia. Beste behin ere, haien kontakizunera kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak", baloratu du ANkerkeriari Stop herri ekimenak, 200 pertsona inguru bildu dituen agerraldi masiboan.

Bi urte igaro dira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Eta hamabi egun Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa amaitu zenetik. "Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea; ordea, ez da hemen amaitzen", ohartarazi du ANkerkeriari Stopek.

"Bidegabekeria onartezin" eta "auzi anakroniko" gisa definitu duten epaiaren aurrean, eskura dituzten "bide guztiak agortu arte" jarraituko dutela iragarri dute: eremu judizialean epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dute; "elkartasuna, babesa eta salaketa" Euskal Herriko kaleetara eramango dituzte.

"Justizia deitzen diote, mendekua denean", salatu du ANkerkeriari Stop herri ekimenak. "Nahikoa dute egiazkotasun-presuntzioa daukaten morroien deklarazio huts bat eta sostengatu ezin izan duten 'etorkizun handiko ikerketa lerro bat', aspalditik zirriborratuta zeukaten erabaki bati sinadura ofiziala jarri ahal izateko".

"Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa: konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain zuzen, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena", deitoratu dute.

Sozializazioa, manifestazioak eta ekimenak

"Ankerkeria honi ateak ixteko unea" dela azpimarratu du ANkerkeriari Stop ekimenak, eta, horretarako, auzia ezagutzera emateko eta gizarteratzeko kanpaina indartuko dute; "ahalik eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehien" bildu nahi dituzte epaiaren kontra.

Larunbatean Zelaia eta Barbadoren askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioetan eta elkartasun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu dute:

  • 12:00etan: elkartasun ekimenak herriz herri; deialdia Euskal Herriko jendarte osora zabaldu dute.
  • 18:00etan: manifestazioak Gasteizen —Andre Maria Zuriaren plazatik— eta Amurrion —Herriko plazatik—.

Lau urteko kartzela zigorra

Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri die Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei, "helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea" egotzita. Defentsek helegitea aurkez dezakete.

Urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren ostean, epaileak frogatutzat eman du Aitor Zelaia gasteiztarrak eta Galder Barbado amurrioarrak "lehergailuak eta suzko arefaktuak egiteko elementuak gorde" zituztela, 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira. Akusatuen "lau hatz marka eta aztarna biologiko bat" aurkitu ziren bertan, epaiaren arabera.

Angela Murillo epailea buru duen Zigor-arloko Salako Laugarren Atalaren epaiak lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri du bakoitzarentzat, "armak eta munizioak gordetzea" eta "helburu terroristekin lehergaiak eta horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" egotzita. Zortzi urteko zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat; zigor hori, oraingoz, erdira jaitsi du epaitegiak.

Orain, Barbadoren eta Zelaiaren defentsek helegitea aurkezteko aukera dute Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan. Beraz, bi gazte arabarrak ez dira momentuz espetxera joan beharko, prozedura judizial guztiak agortu bitartean.

Epaiketaren KRONIKA hemen irakurri dezakezu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide