Zelaia eta Barbadoren kontrako epaiaren aurka "bide guztiak" agortuko dituzte

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 11:30
Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren askatasunaren aldeko manifestazio bat. / ALEA

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurka Auzitegi Nazionalak ebatzitako epaiak "injustizia berretsi" egin duela uste du ANkerkeriari Stop herri ekimenak. Mobilizazioak deituko dituzte larunbaterako, eta defentsek errekurtsoa aurkeztuko dute.

Astearte honetan ezagutu dugu Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren aurkako epaiketaren sententzia. "Berretsi da injustizia adierazi du ANkerkeriari Stop herri ekimenak, epaiaren balorazioan; beste behin ere, haien kontakizunera kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak".

Bi urte igaro dira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Eta hamabi egun Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa amaitu zenetik. "Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea; ordea, ez da hemen amaitzen", ohartarazi du ANkerkeriari Stopek.

"Bidegabekeria onartezin" eta "auzi anakroniko" gisa definitu duten epaiaren aurrean, eskura dituzten "bide guztiak agortu arte" jarraituko dutela iragarri dute: eremu judizialean epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dute; "elkartasuna, babesa eta salaketa" Euskal Herriko kaleetara eramango dituzte.

"Justizia deitzen diote, mendekua denean", salatu du ANkerkeriari Stop herri ekimenak. "Nahikoa dute egiazkotasun-presuntzioa daukaten morroien deklarazio huts bat eta sostengatu ezin izan duten 'etorkizun handiko ikerketa lerro bat', aspalditik zirriborratuta zeukaten erabaki bati sinadura ofiziala jarri ahal izateko".

"Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa: konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain zuzen, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena", deitoratu dute.

Mobilizazioak

Datozen egunetako mobilizazioetan zein elkartasun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu du ANkerkeriari Stop ekimenak:

  • Otsailak 4, osteguna, 17:00etan Foru plazan: prentsaurreko masiboa.
  • Otsailak 6, larunbata: mobilizazioak Gasteizen eta Amurrion.

Lau urteko kartzela zigorra

Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri die Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei, "helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea" egotzita. Defentsek helegitea aurkez dezakete.

Urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren ostean, epaileak frogatutzat eman du Aitor Zelaia gasteiztarrak eta Galder Barbado amurrioarrak "lehergailuak eta suzko arefaktuak egiteko elementuak gorde" zituztela, 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira. Akusatuen "lau hatz marka eta aztarna biologiko bat" aurkitu ziren bertan, epaiaren arabera.

Angela Murillo epailea buru duen Zigor-arloko Salako Laugarren Atalaren epaiak lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri du bakoitzarentzat, "armak eta munizioak gordetzea" eta "helburu terroristekin lehergaiak eta horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" egotzita. Zortzi urteko zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat; zigor hori, oraingoz, erdira jaitsi du epaitegiak.

Orain, Barbadoren eta Zelaiaren defentsek helegitea aurkezteko aukera dute Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan. Beraz, bi gazte arabarrak ez dira momentuz espetxera joan beharko, prozedura judizial guztiak agortu bitartean.

Epaiketaren KRONIKA hemen irakurri dezakezu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide