Haurreskolak Partzuergoko langileen grebak %65eko jarraipena izan du

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 16:46

Haurreskolak Partzuergoko langileen mobilizazioa Gasteizko Plaza Berrian. / LAB

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek astelehen honetan deitutako grebak jarraipen handia izan du Haurreskolak Partzuergoko langileen artean. Langileen %65ak bat egin du lanuztearekin EAEko haur eskoletan.

2020ko abenduaren 10ean bezala, 2021 urte hasieran ere, Haurreskolak Partzuergoko langile gehienek bat egin dute LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deitutako grebarekin. Sindikatuen datuen arabera, lanuzteak %65eko jarraipena izan du EAEko haur eskoletan.

Gainera, dozenaka mobilizazio egin dituzte, hiriburuetan zein herrietan. Gasteizen, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian.

Halaber, EAEko Lan Sailak ezarritako «gehiegizko zerbitzu minimoak» salatu dituzte. «Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi», ospatu dute.

Horrez gain, familiek, hezkuntza komunitateak eta udalek egunotan helarazitako babesa azpimarratu dute; besteak beste, joan den astean, Kuartango eta Urkabustaizko gurasoek gutun bat argitaratu zuten ALEAn, «haurreskolen egoerarekin kezkatuta».

 

Urtarrilaren 27an, laugarren greba eguna

Bestalde, hilaren 27an laugarren grebaeguna egingo dutela gogorarazi dute. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren atarian mobilizatuko dira, 11:30etan. Gainera, «egoera konpondu ezean», greba eta mobilizazio dinamikarekin jarraituko dute, iragarri bezala, otsailaren 22an, 23an eta 24an.

Gogora ekarri dutenez, sei eskaeraren defentsan mobilizatzen ari dira:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.
  • Adostutako akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

«0-3 hezkuntza zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu», azpimarratu dute.

Erlazionatuak

Haurreskolen egoerarekin kezkatuta

Erabiltzailearen aurpegia Kuartango eta Urkabustaizko gurasoak 2021 urt 21 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide