Haurreskolak Partzuergoko greba deialdiak jarraipen zabala izan du

Erredakzioa 2020ko abenduaren 10a

Haurreskolak Partzuergoko langileen mobilizazioa Amurrion. / LAB AIARA

LAB, STEILAS eta ELAk Haurreskolak Partzuergoan deitutako greba deialdiak erabateko jarraipena izan du, sindikatuen arabera; EAEko haur eskoletan langileen %73k bat egin du lanuztearekin, gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta.

Haurreskolak Partzuergoko langile gehienek bat egin dute LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek egindako greba deialdiarekin, eta, sindikatuen datuen arabera, %73ko jarraipena izan du EAEko haur eskoletan. Hala ere, sindikatuek Lan Sailak ezarritako "gehiegizko zerbitzu minimoak" salatu dituzte.

Izan ere, hainbat haur eskoletan plantilla guztiari greba egiteko eskubidea kendu zaiola diote sindikatuek; zehazki, bi hezitzaileko haur eskola guztietan, orotara 278 langileri. "Partzuergoko gerenteak, Zorione Etxezarragak, Dekretuak dioenatik harago joan da gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuz", salatu dute.

Hala ere, dozenaka mobilizazio egin dituzte, hiriburuetan zein herrietan. Familia, herritar eta udal batzuen babesa ere jaso dute. Egoeraren "larritasuna" eta Hezkuntza Sailaren "utzikeria" salatuz, egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deitutako bigarren greba deialdiari eutsiko diote.

Abenduaren 22an, bilera

Duela gutxi, greba bertan behera uztearen truke mahai negoziatzaile bat deitzeko eskaintza egin zuen Partzuergoko gerenteak. Langileek greba deialdiari eutsi ostean, azkenean, abenduaren 22rako deitu du; bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egongo direla ziurtatu du Etxezarragak. Sindikatuen ustez, berriz, kudeaketako langileen aurreakordioa lantzeko asmoa du: "Sinatu zela ia urtebete igaro da, eta hori ere ez dute bete", kritikatu dute.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute "mehatxurik ezta txantairik onartuko", eta salatu dute Haurreskolak Partzuergoan indarrean den Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari. Gauzak horrela, abenduaren 22ko bilerarako gai ordenari hainbat puntu gehitzea eskatu dute, bertan landu daitezen:

  • Ordezkapenak betetzea hezitzaileen mugimenduekin eta "aparteko orduen erabilera txarrarekin" bukatzea.
  • Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan hitzarmen berriaren negoziazioa hastea, "irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza Saila egiten ari den bezala".
  • Haurreskolak Partzuergoa ere norbera babesteko ekipamenduez (NBE) hornitzea, irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen bezala.

Finantzaketa

"Haurreskoletan eguneroko gastuari aurre egiteko eta jarduera pedagogikoa garatzeko dirurik gabe gaude", deitoratu dute. Sindikatuen arabera, gerenteak berak onartu du gaur egungo aurrekontuarekin ez zaiola heltzen eskatutakoak betetzeko, eta, "ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari direla".

Gauzak horrela, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute: "Jokin Bildarratzek du giltza gatazka honetan; horregatik, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean, dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu".

0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza zikloaren garrantziaren aitortzaz gain, "jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatzea" aldarrikatu dute. Horregatik, besteak beste, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala eskatu dute. Gainera, Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea nahi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago