#Altsasu berri bat: Zelaia eta Barbadoren aurkako epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean

Mikel Buruaga 2021ko urt. 21a, 08:00

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, Auzitegi Nazionalean. / ALEA

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak Madrilen daude jada. Zortzi urteko espetxe zigor eskaerarekin, ostegunean eta ostiralean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, "helburu terroristekin lehergaiak gordetzea" egotzita.

Ez da Altsasu auzia, baina antza handia du. Fiskala Altsasuko gazteen epaiketaren berbera izateaz gain (Jose Perals), auziaren izaera eta motibazioak oso antzekoak dira. Izan ere, ETA 2018an desagertu zen arren, Euskal Herriko gazteek Auzitegi Nazionaletik desfilatzen jarraitzen dute, "terrorismoaren" aitzakiapean. Kasu honetan, bi gazte arabar dira: Aitor Zelaia gasteiztarra eta Galder Barbado amurrioarra.

Ia bi urte igaro dira Duran aurkitutako suziri batzuen harira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Hainbat hilabete espetxean izan ondoren, 2019ko abuztuan baldintzapean aske utzi zituzten. Ez zaie inongo ekintza zehatzik leporatu eta oraingoz ez da frogatu Duran topatutako zulo hark beraiekin lotura zuenik, baina bi gazteak Auzitegi Nazionalera bidaltzeko arrazoi nahikoa izan da.

Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du gazte bakoitzarentzat. "Helburu terroristarekin armak, munizioak eta lehergaiak zein horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" egotzita, urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte Zelaia eta Barbado. Epailea, gainera, Angela Murillo izango da, salbuespen auzitegiko epaileen artean aski ezaguna.

Aiaraldea hedabideak argitaratutako bideo-erreportajea.

Mobilizazio gehiago

Larunbatean, ANkerkeriari Stop lelopean egindako manifestazioaren ostean, Gasteizen berriro mobilizatuko dira ostegunean, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Amurrion, berriz, ostiralean aterako dira kalera, 18:00etan Herriko plazatik.

Gainera, ANkerkeriari Stop lelopean epaiketaren aurrean sortutako elkartasun kanpainaren manifestuak 3.000 sinadura baino gehiago bildu ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago