Koronabirusa

Zahar-etxe pribatuetan esku hartzeari uko egin diote Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 18:00

Onartutako mozioak "puntualtzat" jo ditu egunotan argitara atera diren gabeziak. / PIXABAY

Covid-19 kutsadura handia duten egoitza pribatuen kontrola areagotzeko EH Bilduren proposamena atzera bota du Batzar Nagusietako osoko bilkurak. Egungo neurriak eta ikuskapenak mantentzeko EAJ-PSEren mozioa onartu da.

EH Bilduren mozioa baztertu eta hori ordezkatzeko EAJ eta PSEk aurkeztutako testua aurrera atera dute Arabako Batzar Nagusiek. Elkarrekin taldeak EH Bilduren proposamena babestu arren, foru gobernuarena babestu du PPk.

Aurrera atera den mozioan, adinekoak artatzen dituzten zentro pribatuen "zerbitzu egokia mantentzeko neurriak hartzeko" eskatzen zaio Diputazioari, "Covid-19ko gaixoen zenbatekoaren ustekabeko igoera gertatzen denean edo ezohiko beste edozein egoeratan". Bestalde, Arabako zahar-etxeetan eta adinekoen etxebizitza komunitarioetan ikuskatzeak mantentzeko eskatzen zaio Diputazioari, eta, koronabirusaren kasuak igoz gero, zentro horien gaineko jarraipen zorrotzagoa egiteko.

Gainera, lurraldeko hainbat egoitzatan azken egunetan argitara atera diren irregulartasunak "puntualtzat" jo dituzte mozioan. PSEk EH Bilduri leporatu dio zentro horien kudeaketa arautzen duen legedia "ez ezagutzea", eta egiten den ikuskapen-lana nabarmendu du. Halaber, EAJk "egiari bizkar ematea" leporatu dio EH Bilduri. Kudeaketa ereduaren inguruan, esku hartu ordez, "akordioetara iristea" lehenesten dutela azpimarratu dute.

Foru Gizarte Politika sailak 204 ikuskapen egin ditu 2020. urtean adinekoen zentro pribatuetan. EAJk adierazi duenez, "guztiak aurretik ohartarazi gabe".

Zahar-etxeen kontrola, ezbaian

Adinekoen Arabako egoitza pribatuen egoera eta kudeaketa pandemiaren ostean protagonista izan da beste behin, kalean zein Arabako Batzar Nagusietan. Izan ere, aste honetan jakin da Foru Aldundiko ikuskaritzak Arroiabeko San Francisco Javier eta Gasteizko Agure Arkaiate zaharren egoitzetan hainbat irregulartasun aurkitu dituela.

Arroiabeko egoitzari 660.000 eurorainoko zigorra eskatu diote "adinekoak lotzeagatik" eta Covid-19aren aurkako protokoloa ez betetzeagatik. Auzia Fiskaltzaren esku utzi du, gainera, Aldundiak. Agure Arkaiate egoitzak, berriz, kutsatutako langile bat lan egitera behartu zuela zabaldu da, eta, gainera zentro horren ikuskapen aktan jasotzen da "noraezean ibiltzen" ziren adineko bi gaixo aurkitu zituztela foru ikuskariek bisita egin zuten egun batean.

Horrelako kasuak saihesteko helburuarekin, Covid-19 kutsadura handia duten egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuen kontrola ezartzeko eta ikuskapenak areagotzeko proposamena defendatu du EH Bilduk Batzar Nagusietan, mozio batean. "Bi berriek egiaztatu dute EH Bilduk urteak salatzen daramana –esan du talde abertzaleak–, Araban indarrean dagoen eta EAJ-PSE-PPk partekatzen duten zaintza eredu pribatuak ez dituela bermatzen zaintza eta lan baldintza duinak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago