Koronabirusa

660.000 euro arteko isuna eskatu diote adinekoak lotzen zituen egoitza bati

Erredakzioa 2021ko urt. 17a, 11:00

San Francisco Javier egoitza, Arroiaben (Arratzua-Ubarrundia). / antzina.com

Arroiabeko egoitzari 660.000 eurorainoko zigorra eskatu diote, adinekoak lotzeagatik eta Covid-19aren aurkako protokoloa ez betetzeagatik. Bi egoiliar hil ziren bertan, eta arduradunek zentroa itxi nahi dutela jakinarazi diote Aldundiari.

Asteburu honetan, Eldiario.es hedabideak Arabako egoitzetako beste eskandalu bat atera du argitara: San Francisco Javier egoitzari 660.000 eurorainoko zigorra eskatu diote, adinekoak lotzeagatik eta Covid-19aren protokoloa ez betetzeagatik.

Hedabide horrek argitaratu duenez, Aneim ATE enpresak egoitza itxi nahi duela jakinarazi du ostiral honetan. Arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzten arren, benetako egoera askoz larriagoa da. Izan ere, Aldundiko ikuskaritza zerbitzuak bi zehapen-espedienteren irekiera jakinarazi berri die, 660.000 euro arteko isunekin: 600.000 euro artekoak, adinekoak arrazoirik gabe lotzeagatik arau-hauste oso larria—; eta 60.000 euro artekoak, koronabirusaren aurkako prebentzio protokoloak ez betetzeagatik falta larria.

Gutxienez, 32 irregulartasun

Udazkenean, Covid-19 agerraldi bat atzeman zen bertan. Azaroaren 5ean hasi zen dena, langile batek positibo eman zuenean. Ondoren, agerraldiak hamabi erabiltzaileetatik bederatziri eragin zien, eta bi adineko hil ziren.

Eldiario.es hedabideak azaldu duenez, foru ikuskaritzaren lehen bisita azaroaren 11n izan zen. Lehen akta horrek gutxienez 32 irregulartasun jaso zituen osasun protokoloan. Larriena, ikuskaritzaren txostenen arabera: "Sukarra duen erabiltzaile bat euskarri abdominopelbikoarekin lotzen dute".

Ikuskaritzak atzemandako beste arazo nagusia langile falta zen. Goizez eta arratsaldez bi langile, eta gauez langile bakarra; ikuskatzaileen ustez, hori "argi eta garbi desegokia" zen. Horren ondorioz, kutsatutako eremuan positiboak artatzen zituztenak, ondoren, harremanetan jartzen ziren kutsatu gabeko eremuko paziente negatiboekin.

Hurrengo egunetan egindako ezusteko bisitetan ere, egoera errepikatu egin zen. Adinekoak lotzeari dagokionez, ikuskaritzak idatziz ohartarazi zion zuzendaritzari "ez dagoela jarraibide medikorik" antzeko zerbait egiteko, eta "justifikaziorik gabekotzat" jo zuen, "erabiltzailearen egoera fisikoa, emozionala eta kalte zein lesio arrisku eza" zirela eta. Ekintza hori, beraz, "jokabide alderraiak dituzten pertsonen beharrei erantzun ahal izateko langile faltaren ondorio" zela jaso zuen ikuskaritzak.

Agure Arkaiate egoitza zentroa. / GOOGLE MAPS

 

Irregulartasunak Agure Arkaiate zentroan

Arroiabekoa ez da asteburu honetan ezagutu den kasu bakarra. Izan ere, Eldiario.es hedabideak igande honetan argitaratu duenez, Gasteizko Agure Arkaiate egoitzak ez zuen langile nahikorik izan irailean, Covid-19 agerraldi betean, eta kutsatutako langileak lan egitera behartu zituzten.

Orduan, agerraldi horren inguruko "gardentasun faltaren" berri eman zuen ALEAk. Etxebizitza komunitarioan zeuden hamalau egoiliarretatik hamabi kutsatu zituen agerraldiak. Azkenik, horietako hamar Abetxuku auzoko Zadorra egoitza publikora lekualdatu zituzten, beste bi ospitaleratu zituzten bitartean.

"Une honetan, arazorik handiena langile falta da. Izan ere, positibo eman duen eta sintomarik gabe dagoen langileetako bat positiboen plantan ari da lanean, ez baitute erabiltzaile horiei arreta emateko langilerik", irakur daiteke ikuskaritzaren iraileko akta ofizialean.

Gainera, zentroko ikuskapen aktan jasotzen denez, "noraezean ibiltzen" ziren adineko bi gaixo zeuden bertan, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago