Besteak beste, Agure Arkaiate egoitzan eta Arroiabeko San Francisco Javier zentro pribatuan ezagutu diren kasu "kezkagarriak" saihesteko helburuarekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du asteazken honetan Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, premiazko tramitazio baten ostean eta lurraldeko hainbat egoitzatan "irregulartasun gehiago" atzeman ostean.
Mozioaren helburua izango da Aldundiari eskatzea kudeaketa pribatuko egoitzak eta etxebizitza komunitarioak kontrolatzeko, "baldin eta Covid- 19aren kutsaduraren prebalentzia handia badute, bai langileen artean, bai artatutakoen artean ere". Kasu horietan, Aldundiaren kontrol publikoa ezartzeaz gain, zentro horietan ikuskapenak areagotzea defendatuko du mozioak.
"Ezin ditugu bakarrik utzi egoitzetako erabiltzaileak eta langileak, pandemiaren lehen hilabeteetan gertatu zen bezala. Egoitzek eta etxebizitza komunitarioek beren gain hartu behar izan zuten prestatu, hornitu eta babestu gabeko erantzukizun bat. Egoera horiek saihesteko, zentroetan esku hartzea ahalbidetzen duten tresnak erabiltzea garrantzitsua da", adierazi du EH Bilduko batzarkide Claudia Venceslaok, oso inplikatua Arabako egoitzen problematikan.
Egoitzen egoera kezkagarria
Asteburu honetan bertan, bi albiste ezagutu dira lurraldeko egoitzen egoeraren inguruan: alde batetik, Arroiabeko San Francisco Javier zentro pribatuak 660.000 euroko isuna jaso dezakeela jakin da, adinekoak lotzeagatik eta Covid-19 protokoloa ez betetzeagatik; bestalde, Agure Arkaiate egoitzak agerraldi betean langile nahikorik ez zuela eta kutsatutako langileak lan egitera behartu zituela.
"Bi berriek egiaztatu dute EH Bilduk urteak salatzen daramatzana: Araban indarrean dagoen eta EAJ-PSE-PPk partekatzen duten zaintza eredu pribatuak ez ditu bermatzen zaintza eta lan baldintza duinak", adierazi du Venceslaok. EH Bilduren ustez, "bereziki larria da gauetik goizera etxebizitza komunitario pribatuak sasi-egoitza bihurtu izana; legezko estaldurarik gabe, baliabide teknikorik gabe eta mendekotasuneko bi edo hiru graduak artatzeko giza baliabiderik gabe".
Hala ere, zentro horiek erabiltzaileentzako foru-txekeen bidez finantzatuta daudela kritikatu du EH Bilduk: "Horrela, haiekin plazak hitzartzea eragozten duen legezkotasuna saihesten da, hain zuzen ere muga horiengatik". Halaber, pandemiaren erdian "ekaitz perfektua" sortu zela diote subiranistek, euren ustez, "ikuskapen sistema bereziki laxoa eta adiskidetsuegia" izan delako.
Azkenik, EH Bilduk salatu du aipatutako bi kasu horien "oihartzun mediatikoak lehen erreakzioa eragin duela Foru Gobernuaren aldetik; izan ere, Gobernua ez da fiskaltzara joan gertaeren berri izan zuenetik 66 egun igaro diren arte, azaroaren 12tik. "Zaila da jakitea zer egingo lukeen gertakariak publiko egiten ez badira", deitoratu du Venceslaok.