Arabako zinemagintzak zazpi izendapen lortu ditu Goya Sarietarako

Erredakzioa 2021ko urt. 18a, 11:20
David P. Sañudo zuzendaria eta Patricia L. Arnaiz, 'Ane' pelikularen filmaketan. / TAMARA ARRANZ

Ane filmak bost izendapen lortu ditu: film onena, gidoi egokitu onena, zuzendari nobel onena, emakumezko aktore onena eta emakumezko errebelazio aktore onena. Juanma Bajo Ulloak eta Bingen Mendizabalek ere izendapena lortu dute Baby filmagatik.

Astelehen honetan, martxoaren 6an banatuko diren Goya Sarien 35. ediziorako izendapenak irakurri dira. Ana Belen aktore eta abeslariak eta Dani Rovira aktore eta umoregileak 2021eko finalistak iragarri dituzte, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente Mariano Barrosok eta Federico Garayalde Niño notarioak lagunduta.

Arabako zinemagintzak zazpi izendapen lortu ditu, eta, pandemia betean gauden arren, bizi duen egoera osasuntsua erakutsi du:

  • Pelikula onena: Ane (Amania Films)
  • Gidoi egokitu onena: David Perez Sañudo eta Marina Pares Pulido (Ane)
  • Zuzendari onena: Juanma Bajo Ulloa (Baby)
  • Zuzendari nobel onena: David Perez Sañudo (Ane)
  • Emakumezko aktore onena: Patricia Lopez Arnaiz (Ane)
  • Emakumezko errebelazio aktore onena: Jone Laspiur (Ane).
  • Jatorrizko musika onena: Bingen Mendizabal (Baby)

Zerrenda osatzeko Araban ekoiztutako filmak hartu ditugu kontuan: 'Ane' eta 'Baby'

Baina Arabako bi film nagusiez gain, arabar gehiago ere izan dira Goya Sarietarako izendapenetan. Hori da Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kide Olatz Alonso gasteiztarraren kasua; izan ere, dokumental onenaren kategorian lehiatuko den Solo son peces dokumentalean ekoizle gisa aritu da. Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako dokumental labur horrek saharar errefuxiatuen kanpamenduetan arrain-haztegi batean lan egiten duten hiru biologoen istorioa kontatzen du.

Sari banaketa martxoaren 6an izango da, Malagako Soho CaixaBank antzokian, eta Antonio Banderasek eta Maria Casadok zuzendu eta aurkeztuko dute. Urtero bezala, zuzenean jarraitu ahal izango da RTVEko kate guztietan.

57 opera prima

Goya Sarietarako 155 film aurkeztu dira, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Espainian ikusgai izan direnak. 155 ekoizpen horietatik 82 fikziozkoak dira, 72 dokumentalak eta bat animaziozkoa, Zinema Akademiak jakinarazi duenez. Europako 56 film, Latinoamerikako 16 film eta 35 film labur 15 fikziozkoak, 10 dokumentalak eta 10 animaziozkoak.

35. ediziorako hautagai diren 155 istorio horietatik, 57 opera primak dira, Ane bezala. Gidoiei dagokienez, 127 originalak dira eta 23 egokituak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide