'Ane' aretoetarako prest, Zinemaldiko arrakastaren ondoren

Mikel Buruaga 2020ko ira. 29a, 20:00
Patricia Lopez Arnaiz Lide da, filmeko protagonista. / TAMARA ARRANZ (@ANEthefilm)

Urriaren 16an zinema aretoetara iritsiko da David Perez Sañudo eta Amania Films ekoiztetxe arabarraren Ane filma. Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal Gidoi Onenaren saria irabazi berri ditu Donostiako Zinemaldian.

2019ko urriaren 30etik abenduaren 3ra bitartean, Arabako lokalizazio ugari bisitatu zituen Ane pelikularen filmaketak. Horietako gehienak Gasteizen: Arana auzoan izan zen filmaketaren lehenengo eguna, eta, Baionan amaitu aurretik, Errekaleor, Adurtza, Abetxuku, Salburuko trenbidea, Agirrelandako polizia-etxea eta Hala Bedi irratia, besteak beste, filmaren parte bihurtu ziren.

Filmean agertzen diren Abiadura Handiko Trenaren obrak Lukon kokatu zituzten; hain zuzen ere, hainbat egunez benetako obren gainean altxatutako dekoratu erraldoi batean. Ia urtebete igaro da jada filmaketa amaitu zenetik, eta urriaren 16an zinema aretoetara iristeko atarian da Ane.

Pasa den astean, ordea, Donostiako 68. Zinemaldian izan zen estreinaldi ofiziala, zuzendarien lehen edo bigarren filmak biltzen dituen Kutxabank - New Directors sailean. David Perez Sañudoren opera primak arrakasta itzela lortu du jaialdian, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eta Euskal Gidoi Onenaren Saria —azken hori Marina Pares kidearekin batera— eskuratu ditu, kritika ezin hobeak jasotzeaz gain.

Berehala, gainera, nazioarteko ibilbideari ekingo diote; izan ere, Ane Varsoviako Zinema Jaialdian egongo da urriaren 9tik 18ra bitartean.

 

Sañudoren opera prima

David P. Sañudo gidoilari, ekoizle eta zuzendariak Marina Paresekin batera idatzitako thrillerra da Ane. Nazioarteko 400 zinema jaialditan baino gehiagotan parte hartu duten 10 film labur baino gehiago zuzendu dituen arren, Sañudoren lehenengo film luzea da.

Gainera, Madrilgo ECAM zinema eskolak bultzatutako La Incubadoraren II. edizioan parte hartu du, zuzendari berrien filmak sustatzen dituen The Screen egitasmoaren barruan.

(In)komunikazioa

Gasteiz, 2009. Desjabetze batzuen ondorioz auzoan izandako istiluen ondoren, Lide (Patricia Lopez Arnaiz), Abiadura Handiko Trenaren obretan zaintzaile gisa lan egiten duen ama gaztea, bere alaba nerabea, Ane (Jone Laspiur), etxera lotara joan ez dela konturatzen da. Lide, Fernando (Mikel Losada) senar ohiarekin batera, alaba non dagoen ikertu eta Aneren munduan sartzen hasiko da, ezezagun batekin bizi dela konturatuz.

ETAren jarduera armatuaren azken urteetan kokatuta dagoen eta AHTaren aurkako garai hartako protestak testuinguru dituen arren, filmak kontatzen duen istorioa oso bestelakoa da: "Galdera bati erantzun nahi dio: nola eragiten du gatazka sozial batek familia baten eguneroko bizitzan?", azaldu du zuzendariak. "Komunikazio ezari buruzko gogoeta egiten du, testuinguru ezegonkor batean egonkortasuna bilatzeari buruzkoa".

 

Amania Films

Ane pelikularen atzean Arabako zinema ekoiztetxe bat dago: Amania Films. 2012tik egindako hamaika film laburrei esker, 80 sari eta 400 hautaketa baino gehiago lortu ditu mundu osoko zinema jaialditan. ETB, TVE, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala dira filmaren babesleak, eta Cafes Fortaleza, Vialki, Apartamentos Irenaz eta Vithas San Jose marken laguntza izan du.

Kritikak

  • Fotogramas: "Opera prima indartsua eta harrigarria (...) generoak uztartzen ditu, konplexurik gabe, modu bikainean eta emaitza zoragarriarekin".
  • Cinemania: "Perez Sañudok gauza zoragarriak egiten ditu eta zine hutsa egiten du".
  • El Cultural: "Errima bisual nabarmenez beteta dago (...) film heldua, ausarta eta konprometitua, bere formetatik hasita".
  • Cineuropa: "Bere lehen film luzean, David Perez Sañudok ofizioa, sentsibilitatea eta sakontasuna menderatzen dituela erakutsi du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide