Zuzenean

Bideo-kopla lehiaketaren irabazleak Jimmy Jazzen jakinaraziko dira

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 16:13

Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk antolatutako bideo-kopla lehiaketaren bozketa epea itxi da, eta gaur, abenduaren 17an, bertso saioa eta sari banaketa izango dira Jimmy Jazz aretoan. Streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da 18:00etan.

Araba osoko 14 urte arteko 1.000 partaidetik gora izan ditu ALEA eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako bideo-kopla lehiaketaren lehen edizioak. Azken asteetan, bideo bidez, beraien sormena eta irudimena erakusteko aukera izan dute umeek, Gasteizko Udalaren Euskararen Astearen baitan antolatutako lehiaketan. "Ikasturte xelebrea" gai hartuta, bakarka, bikoteka, taldeka edo kuadrillan grabatu dituzte beraien buruak bertsotan.

Izugarria izan da lehiaketak lortutako arrakasta; izan ere, orotara, Arabako bazter guztietako 235 bideo baino gehiago jaso dira alea.eus webgunean.

Bertso saioa eta sari banaketa

Lehiaketari amaiera emateko, ostegun honetan, abenduaren 17an, bertso saioa antolatu da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 18:00etatik aurrera. Publiko aurrean ospatuko den ikuskizunean, bertsolari onenen eskutik gauzatuko da lehiaketaren sari banaketa.

Bertan izango dira bertsotan Andoni Egaña, Aroa Arrizubieta, Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Irati Anda bertsolariak, Uxue Diaz de Cerio gai jartzaileak proposatutakoei erantzuna emanez. Unai Mendibil eta Xabi Lasa izango dituzte laguntza lanetan.

Saioa ikusteko sarrera doakoa da, baina segurtasun neurriak bermatze aldera, ikusle kopurua mugatuta egongo da, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea. Gonbidapenak Jimmy Jazz aretoaren webgunean eskuratu ahalko dira, agortu bitartean, abenduaren 17ra arte.

Bertaratzeko aukerarik ez duenak, saioa online ikusteko aukera ere izango du, streaming bidez ikusi ahalko baita:

Boto-ematea itxita

Azken egunetan jasotako botoak kontuan hartuz, publikoak erabakiko du Arabako bideo-koplarik onena zein izango den; hain zuzen ere, boto gehien jaso dituen bideoak irabaziko du publikoaren saria. Horrez gain, Arabako Bertsozale Elkarteko arduradunek epaimahai lana ere egingo dute, eta Arabako kuadrilla bakoitzeko koplarik onena aukeratuko dute. Sari guztien berri emango da Jimmy Jazz aretoan, ostegun honetako 18:00etatik aurrera.

Asko izango dira sarituak eta sari ugariz gozatzeko aukera izango dute: Elkar megadendak eskainitako material sortak, Bakh izotz-pistan taldean aritzeko txangoa edo Laboral Kutxaren eskutik escape room esperientziaz gozatzeko aukera, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago