Kopla lehian, azken txanpa iritsi da. Araba osoko 14 urte arteko 1.000 partaidetik gora izan ditu bideo-kopla lehiaketaren lehen edizioak. Datozen egunotan, igandera bitartean, saridunak aukeratzeko txanda da.
Azken asteetan, bideo bidez, beraien sormena eta irudimena erakusteko aukera izan dute Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk, Gasteizko Udalaren Euskararen Astearen baitan, elkarlanean antolatutako lehiaketan. "Ikasturte xelebrea" gai hartuta, bakarka, bikoteka, taldeka edo kuadrillan grabatu dituzte beraien buruak bertsotan.
Emaitza oso oparoa izan du lehiaketak, eta, orotara, Arabako bazter ezberdin guztietatik, 235 bideo jaso dira alea.eus webgunean. Parte-hartzaile uholdearen eraginez, gainezka egin du ALEAren webguneak eta parte-hartzaileak taldeka sailkatu behar izan dira boto-ematea errazte aldera.
Boto-emateko epea zabalik
Hain zuzen, publikoak erabakiko du Arabako bideo-koplarik onena zein izango den. Horretarako, datorren asteazkeneko gauerdia bitartean, irakurleek botoa emateko aukera izango dute ALEAren webgunean bideo-kopla lehiaketak duen atal berezian. Bizi-bizi dabil egunotan boto-ematea eta lehia izango da koplarik onena aukeratzeko deman.
Baina publikoaren sariaz gain, Arabako Bertsozale Elkarteko arduradunek epaimahai lana ere egin beharko dute, eta Arabako kuadrilla bakoitzeko koplarik onena aukeratuko dute. Asko izango dira sarituak eta sari ugariz gozatzeko aukera izango dute: Elkar megadendak eskainitako material sortak, Bakh izotz-pistan taldean aritzeko txangoa edo Laboral Kutxaren eskutik escape room esperientziaz gozatzeko aukera, besteak beste.
Bertso saioa eta sari banaketa
Lehiaketari amaiera emateko, abenduaren 17an bertso saioa antolatu da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 18:00etan. Publiko aurrean ospatuko den ikuskizunean, bertsolari onenen eskutik gauzatuko da lehiaketako sari banaketa.
Bertan izango dira bertsotan Andoni Egaña, Aroa Arrizubieta, Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Irati Anda bertsolariak, Uxue Diaz de Cerio gaijartzaileak proposatutakoei erantzuna emanez. Unai Mendibil eta Xabi Lasa izango dituzte laguntza lanetan.
Saioa ikusteko sarrera doakoa da, baina segurtasun neurriak bermatze aldera, ikusle kopurua mugatuta egongo da, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea. Gonbidapenak Jimmy Jazz aretoaren webgunean eskuratu ahalko dira, agortu bitartean, abenduaren 17a arte.
Bertaratzeko aukerarik ez duenak, saioa online ikusteko aukera ere izango du, streaming bidez alea.eus webgunean ikusi ahalko baita.