Iruditan

Aernnovako langileek kaleratzeak gelditzea exijitu dute

Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 12:30

Aernnovak aste honetan iragarri du 100 langile kaleratuko dituela Berantevillako plantan, plantillaren %22; eta kaleratzeak dagoeneko hasi dira Miñaoko ingeniaritza sailean. Aernnovako langileak kaleratzeen kontra mobilizatu dira Gasteizen.

Kaleratzeak hasi dira Aernnovan. Duela bi aste, Aernnovak Miñaoko Parke Teknologikoan duen ingeniaritza saileko lau langile kaleratu zituzten Aernnova Engineering Division (AED) eta Aernnova Engineering Solutions (AES) enpresek. Gainera, aste honetan, Aernnovako zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) berri eman dio enpresa batzordeari: Berantevillako 100 langile kaleratuko ditu; 454 langileko plantillaren %22.

Larunbat honetako mobilizazioan, langileek iragarri dute kaleratzeak salatzeko mobilizazio ziklo bati ekingo diotela. Bilera eskatu diote Gorka Urtaran alkateari, eta asteazkenean protesta egingo dute Plaza Berrian, 11:00etan. Ostegunean, Berantevillako lantegian lau orduko lanuztea deitu dute, langileen batzar bat egiteko; ondoren, 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzan, aldarrikatzeko "Aernnovan inor ez dagoela soberan", eta Industria batzordeari kaleratzeak geldiarazi ditzala eskatzeko. Azkenik, manifestazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzatik Diputaziora.

Gainera, larunbatean, hilaren 28an, Aernnova talde osoko langileek manifestazioa egingo dute, 18:00etan Bilbo plazatik abiatuta.

Jardueraren %37ko jaitsiera eta 42 milioi eurotik gorako aurtengo galerak argudiatu ditu zuzendaritzak. Langileen ordezkarien arabera, ordea, "egoera koiunturala" da eta aeronautikaren sektore osoari eragiten dio; sindikatuen ustez, ez dago justifikaziorik "neurri estruktural eta traumatikoak" ezartzeko. Kaleratzeak ez diren beste aukera batzuk daudela aldarrikatu eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute.

Aldaketarik ez badago, kaleratzeak 2021eko otsailaren 1etik aurrera gauzatuko dira, eta kaleratuak izango ez diren langileen %15i aldi baterako lan erregulazio espedientea (ABLEE) ezarriko diete otsailaren 1etik abenduaren 31ra arte; zuzendaritzaren arabera, "ahal den neurrian enpleguari eusteko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago