Bigarren edizioa. Euskaraldia 2018an abiatu zen Euskal Herrian, euskararen erabilera bultzatu eta euskara ulertzen duten herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz. Lehenengo edizioan, 225.000 lagunek eman zuten izena. Egitasmoa bi urtean behin egingo da, baina geratzeko eta mugarri berriak jartzeko iritsi zen. Bigarren Euskaraldia hemen da, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ohitura kolektiboki lantzeko, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean eta baita harago ere.
Etxealditik kalera. Ezohiko edizioa izango da Euskaraldiaren bigarrena, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Hala ere, egitasmoa egoera berrira egokitzeko ahalmena izan du: apirilaren 20tik maiatzaren 3ra, konfinamendu garaian, etxean eta etxetik ditugun harremanak eta hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu zein finkatzeko Etxealditik Euskaraldira ariketa egin zen. Pandemiaren eta neurri murriztaileen testuinguruan oraindik, euskara eta Euskaraldia bera kalera ateratzea izango da erronka nagusia.
52 herri batzorde osatu dira Araban, Euskaraldiaren bigarren edizioa herri guzti-guztietan aurrera eraman ahal izateko. 53 udalerri ditu gure lurraldeak, baina horrek ez du esan nahi udalerri bakoitzean herri batzorde bat sortu denik. Adibidez, Añanan eta Trebiñun eskualde batzordeak antolatu dira kuadrilla osoko herriak barnebiltzeko. Gasteizen, ordea, batzordeak auzoz auzo antolatu dira.
13.230 lagunek eman dute izena Araban, ostegun honetan Euskaraldiak iragarri duenez. Euskal Herri osoan izena eman duten 147.000 lagunen %9 arabarrak dira.
20.000 arabar aritu ziren 2018ko Euskaraldian ahobizi edo belarriprest gisa. Ariketa egin nahi eta euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiek dute parte hartzeko aukera, eta izena emateko epea azaroaren 24ko 23:59ra arte luzatzea erabaki dute. Izan ere, Goiatz Urkijo Arabako koordinatzailearen arabera, azken egunetan kea dario izena emateko formularioari. Dena den, ahalik eta azkarren izena emateko deia egin dute. Gaindituko ote da aurten 2018ko parte hartzea Araban?
Arabako 526 entitatek izena eman dute, eta euskaraz lasai hitz egiteko espazioak bermatuko dituzte, barne mailako funtzionamenduan zein kanpora begirako zerbitzuetan. 753 barne-arigune eta 812 kanpo-arigune sortu dira; hau da, guztira, 1.565 arigune izango dira martxan. Behin betiko datuak ezagutu gabe oraindik, gutxienez 5.968 arabarrek ariguneen bidez parte hartuko dute Euskaraldian.
Txapak jasotzeko unea. Herri batzordeek dagoeneko ari dira banatzen Euskaraldian parte hartuko duten lagunen identifikagarriak. Zure udalerrian txapak non eta noiz banatuko diren jakin nahi duzu? Euskaraldiak martxan jarri duen mapa interaktiboan ikusi ahal izango duzue, zure udalerriaren gainean klik bat eginda.
Euskaraldiaren aplikazioa. Momentua iritsi da, eta teknologia berriek berebiziko garrantzia izango dute aurten. Horretarako, app bat martxan jarri dute, ariketaren nondik norako guztiak eskura izateko eta unean uneko jakinarazpenak telefono mugikorrean bertan jasotzeko. Gainera, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, ariketan laguntzeko proposamenak zabalduko dituzte tresna horren bitartez.