Aernnovak kaleratzeak eta kontratu eteteak abiaraziko ditu Berantevillako lantegian

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 16:17
450 langile ditu Aernnovak Berantevillako fabrikan. / AERNNOVA

Asteazken honetan, 450 langile dituen Berantevillako lantegian enplegua erregulatzeko prozedura abiatuko duela iragarri du Aernnovak, kaleratze kolektiboak gauzatzeko eta kontratuak eteteko.

Azken hilabeteetako aurreikuspenak bete dira, eta, asteazken goizean, Aernnova Aeroestructuras de Alava enpresako zuzendaritzak kaleratze kolektiboak eta kontratu eteteak abiaraziko dituela iragarri du.

Horretarako, enplegua erregulatzeko espediente (EEE) baten prozedura abiatu du, langile finkoen kontratuak amaitzeko, eta aldi baterako lan erregulazio espediente (ABLEE) baten prozedura, behin-behineko langileen kontratuak eteteko.

"Egiturazko krisi larria" argudiatu du Aernnovako zuzendaritzak, aeronautikaren sektorearen lan kargaren "beherakada handia" dela eta. Erabaki horrekin 450 langile inguru dituen Berantevillako fabrikaren "biziraupena" bilatu nahi duela adierazi du.

Oraindik ez dute zehaztu zenbat langileri eragingo dien abiatutako prozedurak, baina Berantevillako lantegian enplegua erregulatzeko txostena aurkezteko asmoa aurreratu die zuzendaritzak langileen ordezkariei. Hartara, enpresa batzordea bilera batera deitu du prozesua hasteko.

Sindikatuak erabakiaren aurka

ELA sindikatuak adierazi du ez duela EEEa onartzen. "Enpresak dio krisi aeronautikoa estrukturala dela, baina euren asmo bakarra krisi koiuntural honi etekina ateratzea da, langileengan eror dadila egoeraren pisua", salatu dute. "Milioika euroko mozkinak" dituen enpresa bat dela gogorarazi du ELAk: izan ere, sindikatuaren arabera, 2017an akziodunei 139,4 milioi eman zien dibidendoetan. Horrekin batera, "100 milioi euro banatzeko asmoz", 490 milioi euroko kreditua "izkutatu" izana leporatu dio ELAk Aernnovari.

LAB sindikatuak enpresaren erabakiaren aurkako gaitzespena agertu du, eta enpleguari eusteko eskatu du. Era berean, erakundeei batez ere Eusko Jaurlaritzari eskatu die inplika daitezela "enplegua eta etorkizuna bermatzeko aeronautikan erreferentzia den enpresa batean, ia 450 pertsonarekin". Gainera, sindikatu abertzaleak ohartarazi du "borroka sindikalaren bidez" aurre egingo diola, "langileekin batera, enpresan bertan, kalean, negoziazio mahaian, eta, hala badagokio, baita eremu juridikoan ere".

Halaber, LABek egoerari aurre egiteko "neurri alternatiboak" defendatu ditu, hala nola lanaldia jaistea eta lana banatzea "guztiok lan egin ahal izateko".

Kaleratzeak hasi dira

Berantevilla Aernnova taldeko lantegirik handiena da Araban, baina aste honetan bertan jakin denez, kaleratzeak dagoeneko hasi dira: Aernnovak ingeniaritza saileko lau langile kaleratu baititu. Kaleratzeak ostiralean iritsi ziren, Aernnova Engineering Division (AED) eta Aernnova Engineering Solutions (AES) enpresetan. Gaur egun, 180 langile inguru ari dira bertan lanean.

Lau kaleratze horiek Aernnovak udan egindako iragarpenaren testuinguruan kokatzen dira: munduan zehar dituen lantegietako plantilla %20 murrizteko asmoa du enpresak; plan horrek Espainiako estatu osoko 650 langileri eragingo die, eta nazioarteko beste 300 langileri. Orduan, sindikatuek dagoeneko adierazi zuten beldur zirela Berantevillako fabrikan izango zuen eraginaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide