Astearte honetan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak 30 milioi euroko laguntza programa bat aurkeztu du, pandemiak ostalaritzan eragindako kalteak arintzeko helburuarekin. Horrela, sektoreari laguntzeko partiden zenbatekoa 70 milioi eurora iritsi da, guztira.
Diru laguntzak negozio bakoitzeko langile kopuruaren arabera banatuko dira: hiru langile baino gutxiago dituzten negozioek 3.000 euro jasoko dituzte; 4 eta 10 langile artean dituztenek, 3.500 euro; eta, azkenik, 10 langile baino gehiagokoek, 4.000 euroko laguntzak.
Eusko Jaurlaritzak agindua argitaratzen duenean —datorren astearen hasieran, beranduenez— aktibatuko da eskaeren plana, baina aurretiazko asmoa da laguntzak urtea amaitu baino lehen banatzea. 30 milioi euro horietatik, 25 milioi Ekonomia eta Ogasun Sailak jarriko ditu, eta beste 5 milioiak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak hartu ditu bere gain. Orain, gutxienez 20 teknikarik osatutako "premiazko" kontrol talde bat arduratuko da laguntza programa kudeatzeaz.
Ordainetan, laguntzak jasotzen dituzten ostalariek euren negozioaren jarduerari gutxienez 4 hilabetez eusteko konpromisoa hartu beharko dute, ezarritako neurri murriztaileak kendu eta pertsiana altxatzen duten momentutik aurrera.
187 milioi euroko galerak
Iragan larunbatean, milaka lagunek manifestazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herri askotan, ostalaritzarentzako laguntzak eskatzeko.
Mobilizazio horien ostean iritsi da Eusko Jaurlaritzaren erabakia, baina zaila da aurreikustea iragarritako diru laguntzek ostalariek eskatutakoa asetuko ote duen. Izan ere, ostalarien datuen arabera, aurreikusitako galerak 187 milioi euro baino gehiagokoak izan daitezke, eta 16.000 lanpostu inguru daude kolokan.
Sailburuak programak suposatuko duen "ahalegin handia" nabarmendu badu ere, Jaurlaritzak 70 milioi euro banatuko ditu merkataritzara, turismora eta ostalaritzara bideratutako diru laguntzetan; horietatik, 45 milioi euro baino ez dira izango taberna eta jatetxeentzat, hau da, aurreikusitako galeren %24 inguru.