Ostegun honetan, EAEko beste hiriburuekin batera Gasteizek eta Laudiok —baita Arabako lurralde osoak ere— alerta gorria piztu duten egun berean, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa Iñigo Urkullu Lehendakariari laguntzen dion Aholku Batzordeak bilera egin du.
17:00etan hasi da bilkura, eta, amaitu ostean, pandemiaren susperraldia geldiarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak iragarri ditu; larunbatean, azaroaren 7an, sartuko dira indarrean, eta, oraingoz, hilaren amaierara arte iraungo dute:
- Ostalaritzako establezimendu guztien itxiera; etxera eramateko edo jasotzeko zerbitzua baino ez da emango, aldez aurreko hitzorduarekin eta 21:00ak baino lehen. Salbuetsita daude hoteletako zein ostatuetako jantokiak, gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun zentroak, zentro soziosanitarioak, eskola jantokiak, lan jantokiak eta jantoki sozialak.
- Etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara.
- Saltokiak 21:00etan itxi beharko dira; farmaziak eta gasolindegiak izan ezik.
- Jarduera, ikuskizun edo ekitaldi kultural oro 21:00ak baino lehen amaitu beharko da. Bertan behera entsegu kolektiboak eta musika zein dantza ez-profesionaleko emanaldiak.
- Garraio publikoaren ateratzeko gehieneko ordutegia 22:30ean; salbuetsita dago taxiz edo gidaridun ibilgailuz garraiatzea.
- Taldeko kirol jarduera oro bertan behera; lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik.
- Kirol ekitaldietara joatea debekatuta.
- Kirol instalazioetan (gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan) programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, betiere maskara erabiliz, gehienez 6 laguneko taldetan eta gehienez %40ko edukierarekin.
- Gurtzarako aretoen edukiera %35era mugatuta.
Agerraldian, Urkullu Lehendakariak ohartarazi du "transmisio komunitarioa eten ezean, beste konfinamendu batera kondenatuta" egongo direla herritarrak.
Hortaz, pandemiaren datozen asteetako bilakaeraren arabera, martxoan bezala erabateko konfinamendura itzultzeko aukera zabalik utzi du Eusko Jaurlaritzak, baina ez du ezarri, oraingoz. Izan ere, une honetan, alarma egoera berriko araudiak ez du neurri hori ahalbidetzen. Hori bai, azken egunetan, etxeko konfinamendua baimentzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, behar izanez gero muturreko erabaki hori hartzeko orduan oztoporik ez izateko.