Urte amaiera bitartean, bertsogintzara gerturatu eta sormen lanekin gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk elkarlanean antolatu duten bertso-bideo lehiaketarekin. Kopla doinuak oinarri, irudimenari eragin eta euren bertsoak bideo batean jasotzeko proposamena egin diete hamalau urte bitarteko gazteei; lurralde osoko bertso-kopla onenak eta eskualde bakoitzekoak ere saria izango dute.
Azken hilabeetan bizi dugun egoeraren ondorioz, aurtengoan haur eta gazte askok ez dute euskara gertutik bizitzeko aukerarik izan, eta kultur proposamen berriak egiteko garaia dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Etxean euskaraz bizitzeko aukerarik ez duten gazte horiek hizkuntza-deskonexio egoera batean egon dira, eta garrantzitsua da euskara gertutik bizitzeko aukera berriak eskaintzea". Hala, Arabako gazteen artean –14 urtez azpikoak– euskal kulturan bereizgarria den bertsogintzara gerturatzeko egitasmoa prestatu dute.
Parte hartu nahi duten gazteek adin-tarte horretara egokitutako estilo eta neurriko bideoak egin beharko dituzte. Erraza, dibertigarria, taldean egin ahal izateko modukoa eta sormena lantzera bultzatuko dituen bertso-koplak prestatu beharko dituzte, eta horiek bideoan grabatuko dituzte. "Adin tarte horretako gazteen inplikazioa bilatu eta proiektu erakargarria eskaintzeko, haiengandik gertu dauden teknologiak erabiltzea emankorra dela uste dugu".
Arabako Bertsozale Elkarteak eskoletan eskaintzen dituen bertso-tailerren bitartez emango du lehiaketaren berri, eta alea.eus-en ere horren inguruko atal berezia izango da lehiaketari buruzko argibide guztiekin.
Sari ugari
Azaroan zehar jasotzen diren bideoen artean, bertso-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak alea.eus webgunean. Horrekin batera, gainera, Arabako Kuadrilla bakoitzeko bertso-kopla onena zein den erabakiko du epaimahai batek. "Asko izango dira sarituak; hori baita bilatzen duguna, parte-hartzea sustatzea eta lankidetzan gauzatu daitezkeen lanak sortzea". Gazteek taldean disfrutatzeko moduko hainbat sari handi banatuko dira, natura ingurunean gozatzeko txangoak tartean.
Hasiera batean saritu guztiekin jendaurreko amaiera ekitaldi bat egiteko asmoa bazen ere, osasun krisiaren eraginez horretarako hainbat zailtasun daude, eta aurrerago zehaztuko da nola egingo den ekitaldi hori; edonola ere, ikuskizuna streaming-ez jarraitu ahal izango da.