Editoriala

Aukeratu rola

Aritz Mtz. de Luna, ALEAko zuzendaria 2020ko urr. 29a, 09:00

Arabako ALEAko lantaldea erredakzioan, Euskaraldirako prest. / ALEA

"Euskara, egun, ez da askorentzat lehentasuna. Erabakiak hartu behar izaten direnean, ez du dagokion tokirik, eta aurten ahaztuta geratu da kasu askotan. Egoera horri buelta ematen jarraitzea dagokigu, eta horretara dator Euskaraldia".

Larrrialdi egoera, konfinamendua, distantzia soziala, musukoa, telelana... arrotz egiten zitzaizkigun hitz asko eguneroko hiztegian jaso ditugu  honezkero. Hasiera batean pentsa zitekeena baino luzeago suertatzen ari da COVID19-ak eragindako pandemia egoera, eta, oraingoz, horrekin bizitzera ohitzea beste aukerarik ez dugu.

"Aste honetan abiapuntura itzuli garen sentsazioa bizi izan dugu"

Emaitzek erakutsi dute udaberrian hartzen hasitako neurriak motz geratu direla, eraginkortasun ezagatik edota herritar zein erakundeek horiek barneratzeko inplikazio faltagatik. Arrazoia edozein izanda ere, aste honetan abiapuntura itzuli garen sentsazioa bizi izan dugu.

Herriarteko mugikortasuna debekatzea, etxeratze-agindua indarrean jartzea, 6 lagun baino gehiagoko topaketak debekatzea eta dagoeneko ezagunak zaizkigun beste hamaika neurri iragarri berri ditu Eusko Jaurlaritzak aste honetan. Baina bizitzak aurrera darrai, eta etorkizunera begira lanean jartzea komeni zaigu.

Eskoletara itzulerak beldur ugari piztu zituen arren, nahiak eta gogoak funtzionatzen dutela erakutsi digute irakasle, guraso zein haurrek. Askok izango dute zer ikasia. Komertzio, taberna, enpresa txiki eta bestelakoak, kosta ahala kosta, ahal bezala ari dira oztopoak gainditzen. Inoiz bizi izan dugun krisialdi ekonomiko larrienak kolpatu ez gaitzan, ekonomiak aurrera egiten jarraitu behar omen du eta hala ari dira enpresa handiak.

"Bestelako jarduera horiek, termino ekonomikoez harago, gizarteari egiten dioten ekarpena handia dela ulertzen hasi beharko genuke"

Maila orokorrera jo beharrik gabe, egunerokoan herritarrek beraien sustengua bermatzeko neurriak behar dituzte; eta, zentzu horretan, tamalez, badago zer hobetua. Zeresanik ez kulturgile, sortzaile, elkartegintza edo beste hainbat eta hainbati dagokionez. Lehentasunak lehentasun, badirudi bigarren mailako jarduerak egoten jarraitzen dutela; eta, berandu baino lehen, bestelako izaera duten jarduera horiek, termino ekonomikoez harago, gizarteari egiten dioten ekarpena handia dela ulertzen hasi beharko genuke.

Euskalgintzan diharduten eragileak multzokatu beharko bagenitu, azken talde horretan izango lukete tokia seguruenik. Euskara, egun, ez da askorentzat lehentasuna. Erabakiak hartu behar izaten direnean, ez du dagokion tokirik, eta aurten ahaztuta geratu da kasu askotan. Egoera horri buelta ematen jarraitzea dagokigu, eta horretara dator Euskaraldia. Egunerokoan, norbanakoen esku dinamika berri bat ezartzeko aukera eskaintzera.

Egoera horri buelta ematen jarraitzea dagokigu, eta horretara dator Euskaraldia

Norberak bere eragin eremuan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin dezagun bilatzen du, ez beste ezer. Hautua egitea bakoitzari dagokio, eta ez du aparteko zailtasunik. Pixkanaka, mugimendu horri ahots (eta belarri) gehiago batzen bazaizkio, hizkuntza normalizaziorantz pausu handia emango dugu.

Zuk dagoeneko aukeratu al duzu zure rola?

Erlazionatuak

Arigune duzu ALEA

Erredakzioa 2020 ira 24 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago